Larunbat honetan, irailaren 26an, Xabin Etxaide zenari omenaldia egingo zaio Zestoan. Omenaldiaren barruan, bi ekintza antolatu dira. Lehenbizi, 9:00etan Ertxina mendira irteera izango da, eta ondoren, 13:00etan, Xabin Etxaideren omenezko monolitora kalejira izango da. Kalejira amaitzean izango da omenaldia.
Xabin Etxaide zestoarra GALek erahil zuen duela 30 urte, Baionako Monbar Hotelean egindako atentatuan. Monbarreko Sarraskia, gaurko egunez izan zen duela 30 urte, 1985eko irailaren 25ean. Etxaidez gain, beste hiru euskal herritar hil zituzten antentatu hartan: Inaxio Astiasuinzarra, Joxe Mari Etxaniz eta Agustin Irazustabarrena.
Lucien Mattei eta Pierre Frigulie GALek kontratatutako mertzenarioak tabernara sartu eta tiroka hasi zitzaizkien, eta unean hil ziren Astiasuinzarra, Etxaniz eta Irazustabarrena. Etxaide, berriz, oso larri eraman zuten ospitalera, baina senideak hara joan zirenerako hilda zegoen. 28 urte zituen zestoarrak. Lau egunetara eraman zuten gorpua jaioterrira, eta Zestoako Udalak, Herri Batasunaren mozioa onartuz, senideei elkartasuna adierazi, eta Xabin Etxaide “herriko gudari” izendatu zuen. Gainera, “GAL talde hiltzailearen eta Espainiar Estatuaren aparatu errepresiboaren arteko lotura nabarmena” gaitzetsi zuen.