Euskal Herriko I. Sagardo Txapelketa Herrikoian parte hartuko dutenetatik lau dira Urola Kostakoak

Nerea Uranga 2015eko irailaren 22a

Azpeitian da larunbatean, eta 32 sagardogilek hartuko dute parte

Ostiralean aurkeztu zuten Azpeitian jokatuko den Euskal Herriko I. Sagardo Txapelketa Herrikoia (Nerea Uranga/Hitza) 32 sagardogilek eman dute izena larunbatean (irailaren 26an) Azpeitian jokatuko den Euskal Herriko I. Sagardo Txapelketa Herrikoian parte hartzeko. Lau eskualdekoak dira: Añota (Azpeitia), Ekain (Zestoa), Izeta (Aia) eta Satxota (Aia). Txapelketa Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak eta Azpeitiko sagardozaleen taldeak antolatu dute. Berdura plazan afalduz egingo da txapelketa, eta afaritara elkartzen diren denak izango dira sagardoak dastatu eta puntuako dituztenak. Afaritara joateko aurrez txartela erosi behar da 30 eurotan. Txartelak salgai daude: Azpeitiko Añota sagardotegian, Iraurgi saskibaloiko tabernan eta Pastorkua tabernan eta Astigarragan Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean (943-336811 telefonoan). 250 lagunentzako tokia egongo da. Afaritarako menua bertako produktuekin osatu dute: bakailao ajoarrieroa, Lumagorri oilaskoa parrilan, Basatxerri xolomo-burua eta inguruko artzain gazta desberdinak. Lehiaketa herrikoi honekin, garai bateko usadioa berreskuratu, eta sagardorik onenak zaletuen esku jarri nahi izan dituzte antolatzaileek. Aurrenekoz Azpeitian egingo da, baina datorren urtean, eta urtez urte, sagardo txapelketa desberdinak antolatzen dituztenekin sare bat osatu eta final handi bat antolatu nahi dute.

Sagardoak puntuatzeko sistemak

Jendea afaltzen hasi orduko, mahaira sagardoa ateratzen hasiko dira txapelketaren antolatzaileak. Gero, jendeak lote bakoitza puntuatuko du. Afaritara bildutako jendea lau multzo handitan banatuko dute, eta zozketaz erabakiko da multzo bakoitzak zein lote dastatuko dituen. Lehen dastaketa saio horretan puntuaziorik gehien jasotzen dituzten sagardoen zortzi loteak afaritarako jende denak dastatuko ditu. Sagardoak anonimo aurkeztuko dira, eta jendeak ez du jakingo lote bakoitza zein sagardogilerena den. Sari banaketako orduan jakingo da.

Parte hartuko duten sagardotegiak

Euskal Herriko I. Sagardo Txapelketa Herrikoian 32 sagardotegik parte hartuko dute: 1- Aburuza (Aduna). 2- Alberro (Hernani). 3- Akarregi (Hernani). 4- Añota (Azpeitia). 5- Astarbe (Astigarraga). 6- Astiazaran (Donostia). 7- Axpe (Markina-Xemein). 8- Bereziartua (Astigarraga). 9- Beltzenia (Urruña). 10- Ekain (Zestoa). 11- Eula (Urnieta). 12- Calonge (Donostia-Igeldo). 13- Iparragirre (Hernani). 14- Irigoien-Herrero (Astigarraga). 15- Itxasburu (Hernani). 16- Izeta (Aia). 17- Larrarte (Astigarraga). 18- Larre Gain (Hernani). 19- Lizeaga (Astigarraga). 20- Oiarbide (Astigarraga). 21- Oiharte (Zerain). 22- Ola (Irun). 23- Olagi (Altzaga). 24- Otsua Enea (Hernani). 25- Petritegi (Astigarraga). 26- Rezola (Astigarraga). 27- Rufino (Hernani). 28- Saizar (Usurbil). 29- Satxota (Aia). 30- Setien (Urnieta). 31- Urdaira (Usurbil) 32- Zabala (Aduna).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide