Verräter, Gaztetxean sortu zen punk doinua

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko irailaren 17a

Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako sei gaztek osatzen dute Verräter musika taldea. Urte eta erdi daramate kontzertuak eskaintzen, eta Gatillazoren aurretik joko dute larunbatean, Sanagustin kulturgunean.

Unanue, Arrue, Aiertza eta Hidalgo, Verräter taldeko kideak. (E. Albizu Lizaso) Duela urte eta erdi igo ziren oholtzara lehen aldiz Verräter taldeko musikariak, eta ordutik hogei kontzertu inguru eskaini dituzte. Azpeitiko Gaztetxeko bertsio gauean estreinatu ziren: «Lehen aldia hura izan zen, eta gustatu egin zitzaigun esperientzia». Horrela egin zuten jauzi musikaren mundura Ibon Aiertza baxu-jole errezildarrak, Gaizka Arrue eta Iratz Uranga gitarra-jole azpeitiarrek, Manex Odriozola abeslari zestoarrak eta Ibai Unanue laguntzaile azpeitiarrak. Verräter punk-rock musika taldea sortu zuten 15 eta 16 urterekin, eta Orkatzen eman zuten lehen kontzertua. Urte erdi barru batu zitzaien taldera Julen Hidalgo bateria-jole azpeitiarra, eta «indarra» eman zion bandari. «Lehengo bateria joleak bazekien gitarra jotzen ere; beraz, hura gitarrarekin hasi zen, eta Hildalgo bateriarekin». Ordutik bi gitarra-jole dituzte. Mendekua esan nahi du alemanez verräter hitzak. «Asko kostatu» zitzaien izena aukeratzea, musikarien arabera, eta azkenean film batek inspiratu zituen gazteak. Bertsioak egiteaz gain, beraien abestiak konposatzen ditu Verräter taldeak, eta buruan dute maketa bat grabatzea ere: «Udaran nahi genuen zerbait grabatu, hor dugu proiektua, eta ea posible den negurako zerbait egitea». Kontzertu ugari eman badituzte ere, Beasaingoa dute gogoan bailarako mutilek: «Giroa, hasieran, ez zen espero genuena bezalakoa izan, baina jendea animatzea lortu genuen, eta esperientzia polita izan zen».

Gatillazoren aurretik

Gatillazoren kontzertuaren aurretik joko dute musikari gazteek larunbat honetan, 23:00etan, Sanagustin kulturgunean. Hirugarren saiakera da asteburukoa, azken bietan arazoak izan baitzituzten Gatillazoko kideek. Hirugarren aldiz, Verräter izango dute aurretik. «Gatillazo ezaguna da, baina gu geure kontzertua egitera joango gara larunbatean, geure musika izango dugu buruan», adierazi dute gazteek. Gatillazoren eta La Polla Records-en abesti entzutetsuenak ezagutzen dituzte, eta zenbait letrekin identifikatuta sentitzen direla aitortu dute Verräterreko musikariek. Larunbatean, beraiek konposatutako bost abesti joko dituzte, eta gainontzekoak bertsioak izango dira. Programatuta duten azkenetako kontzertua da Sanagustinekoa; ondoren, Arrasaten joko dute urriaren 17an. «Badugu gogoa taldearekin aurrera egiteko, eta lanean jarraituko dugu gero ere», azaldu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide