Urola Gustagarri egitasmoak parte hartuko du aurten ere Azoka Herritik-en. Horretarako, Urola bailarako ekoizleek, sukaldariek, jatetxeek eta eragileek bat egin dute,
Bertakoa erosi, prestatu, dastatu... gozatu! lelopean. Proiektuan parte hartu dute Iraurgi Berritzen garapen agentziak, Urkome Urola Kostako landa garapeneko agentziak, Azpeitiko Udalak eta Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak.
Hautatu dituzten produktu guztiak ekologikoak dira. Azpeitiko sei jatetxek Urola Gustagarriren menuak eskainiko dituzte asteburu honetan eta hurrengoan: hilaren 18an, 19an, 20an eta 25ean, 26an eta 27an. Honako jatetxeek parte hartuko dute egitasmoan: Kirurik, Mikel Uriak, Lau Bidek, Sagasti Zaharrek, Jai Alaik eta Larrañagak. «Etxeko produktuekin etxean eginiko platerak» eskainiko dituzte, eta etxez etxe banatu dituzte eskuorriak menuekin. Horrez gain, Ertxiñeko arrautza ekologikoen dastaketa egingo dute plazan larunbatean, Sagasti Zahar jatetxeak prestatuta. 12:00etan izango da hitzordua, eta doan emango dituzte 200 pintxo inguru. Txikientzat ere sukaldaritza tailerra egongo da, larunbatean, 11:00etatik 13:30era, Jauzika Heziketa Elkarteak gidatuta.
Bestalde, praktika eta teoria lotzeko, Biolur elkarteak elikagai ekologikoen eta haien ezaugarrien inguruko informazioa eskainiko du Berdura Plazan asteburuan.
Azoka Herritiken baitan
Azoka Herritik-ek egitarau mardula antolatu du astebururako, eta azokan erosketan egiten dituztenen artean 300 euroko otarra zozkatuko dute Urola Gustagarriko antolatzaileek. Horrez gain, Azoka Herritik-eko poltsa berrerabilgarriak emango dizkiete herritarrei.
Sagasti Zahar jatetxeko kideek azaldu dutenez, argi izan dute beti «bertako merkatu txikiak» bultzatzeko lan egin behar dutela. Horregatik bat egin dute egitasmoarekin. «Etxean egin daitezkeen errezetak eskainiko ditugu, jendeak gertu senti ditzan», azaldu du Egoiz Azkoitia jatetxeko ordezkariak.
Ekoizleen artean, Azpeitiko, Beizamako, Zestoako, Errezilgo, Aizarnako eta Urrestillako nekazari, abeltzain eta sagardo zein txakolingileak daude. Haiek jarriko dituzte barazkiak, gazta, arrautzak, ogia, frutak, kontserbak edo edariak, besteak beste. Informazio gehiagorako urolagustagarri.eus webgunea jarri dute.