Itsasorik gabeko txokoen uda gozoa

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko ira. 16a, 14:00

Uztaila eta abuztua hilabete onak izan dira barrualdeko udalerrietako turismoarentzat, eta historiako datu onenak lortu dituzte zenbait lekutan. Agintariek argi dute herrien arteko elkarlanaz soilik sustatu daitekeela bailarako turismoa.

Europako Sega Txapelketak bisitariak ekarri ditu eskualdera, abuztu amaieran. (Nerea Uranga) Uda itsasoarekin, hondartzarekin eta aire leunarekin lotu ohi da askotan, eta Urola Kostan, hain zuzen, badira halako udalerri turistikoak. Hala ere, aurtengoan, balorazio ona egin dute udako turismo datuez Urola Kostako barrualdeko erakundeek, turismo teknikariek eta museoek ere. Loiolako Turismo Bulegoak, esate baterako, 8.055 bisitari jaso ditu uztailean eta abuztuan; eta bailaran, %11 igo da bisitarien kopurua. Turismo bulegoko ordezkarien arabera, "informazio eske" joan dira bisitariak hara, beraz, ezin dute ziurtasun osoz esan zein udalerri izan diren bisitatuenak. Hala ere, jakinarazi dute bailarako ostatuak beteta egon direla abuztuan, eta uztailean %80ko kuotak izan dituztela. Bailaraz hitz egitean, Aizarnazabal, Azkoititia, Azpeitia, Beizama, Errezil eta Zestoa hartu dituzte kontuan. Loiolako Turismo Bulegoaren arabera, bisitarien perfila ere aldatu egin da. Azaldu dutenez, bisita gidatuetatik at, beraien kasaka, bailarara hurbildu diren bidaiarien kopuruak gora egin du. Hori "ona" da herri-turismoarentzat; izan ere, antolatutako taldeetan etortzen direnek Loiola soilik bisitatzeko joera dute; gainontzekoek, ordea, denbora gehiago pasatzen dute inguruan.

Azpeitian, udarik onena

"Turismoak markak hausten jarraitzen du, eta inoiz baino bisitari gehiago izan da udan Azpeitian eta eskualdean", jakinarazi dute Agustin Lizarralde eta Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko zinegotziek. Udal ordezkarien arabera, bisitari asko bideratu dituzte Azpeitira turismo bulegotik, eta "jende asko" ikusi dute eskuorriekin herriko kaleetan. Loiolaz gain, beste gune batzuek ere hartu dute indarra herrian; esaterako, parrokia eta garbigunea aipatu dituzte. "Bi eraikin horien gertutasunak batetik bestera erakarri ditu turistak", udal ordezkarien hitzetan. Lizarralde eta Elduaienen arabera, bilakaera positibo horretan eragina izan du turismo bulego berriak. Europako Sega Txapelketak ere zifra onak utzi ditu Azpeitian ez ezik, bailara osoan. Suitzatik, Alemaniatik, Austriatik, Hego Tiroletik eta Esloveniatik 250 lagun izan dira Azpeitian. Udal ordezkarien arabera, haiek "txoratzen" itzuli dira beraien herrialdeetara: "Hori oso garrantzitsua da, ahoz ahoko propaganda oso eraginkorra delako". Bestalde, jakinarazi dute txapelketaren egunean, 2.500 eta 3.000 lagun artean bildu zirela Loiolan. Azkoitian ere antzekoa da egoera, turismo bulegoak emandako informazioak balio izan du udalerriaren berri emateko. Turismo bulegotik jakinarazi dutenez, Loiolako basilikaren inguruko informazioarekin, Urola Erdiko mapa banatu dute. Horrez gain, "turista askok" egin dute Euskal Herriko hiru jauregien ibilbidea; Loiola, Zumarraga eta Arantzazu hartzen dituena. Haiei, adibidez, aukera eman diete Azkoitia bisitatzeko, ibilbidearekin bat egiten duelako.

Zestoa, artea eta natura

"Artea eta natura" maite dituztenentzat helmuga izan da Zestoa, Josetxo Mendizabal alkatearen arabera. Azken urteetan baino jende gehiago ibili dela sumatu du Mendizabalek, eta herriko tabernek ere irudipen hori dutela azaldu du. "Beti izaten ditugu Katalunia eta Madril inguruko bisitariak, baina aurtengoan Belgikatik, Alemaniatik, Herbeheretatik eta Europako Iparraldeko herrialdeetatik familia asko etorri dira", esan du alkateak. Gustura daude, beraz, Zestoan ere turismoaren bilakaerarekin, eta udan, herriko giroa "oso ona" izan dela adierazi du Mendizabalek.

Ekainberrin, 4.700 bisitari

Ekainberri erreplikarentzat ere uda ona izan da aurtengoa. Eneko Calvo Etxarte Ekainberriko koordinatzailearen arabera, joan den udan asko hazi ziren bisitak erreplikan, eta zifrei eustea lortu dute: "Aurten 4.700 bisitari izan ditugu, iaz bezala, eta balorazio oso ona egiten dugu". Zazpi urte igaro dira Ekainberri ireki zutenetik, eta "gustura" daude erreplikak izan duen ibilbide eta garapenarekin. "Aurten, adibidez, benetako oreinak izan ditugu gure zelaietan, eta arrakasta izan dute", azaldu du koordinatzaileak. Haren arabera, "aberasgarria" izan da izaki bizidunak izatea Ekainberrin, erreplikan ikusitako marrazkiak bizitza errealean irudikatzeko. "Ziklo guztia errespetatu dugu horrela", esan du. Bestalde, Lili Jauregia izan du mintzagai Calvok: "Jende askok bisitatu ditu Lili eta Ekainberri egun berean, eta Zestoan pasatu dute eguna". Joan den urtean ere halako txangoak antolatu zituzten bisitariek, koordinatzailearen arabera, eta askok errepikatu egin dute. Bisitarien jatorriari dagokionez, Euskal Herrikoak izan dira bezero gehienak museoan. Haiez gain, Kataluniakoek, Espainiakoek eta Frantziakoek ere bisitatu dute Ekainberri. "Bertako jende askok ekarri ditu kanpoko lagunak, hori ere nabaritu dugu", azaldu du Calvok.

Indarren metaketa

Udal ordezkariek eta eragileek argi dute turismoa sustatzeko udalerrien arteko elkarlana beharrezkoa dela. Hori dela-eta, garrantzia berezia eman diote Loiolako Turismo Bulegoan Urolako mapak banatzeari eta herri guztietako eta bertako museoetako informazioa eskuragarri jartzeari. Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak adierazi du lanean ari direla indarrak metatzeko, eta bailarako herrien artean proposamenak garatzeko: "Oraindik berriak gara, eta hizketan ari gara, baina argi dugu zerbait lortzeko beharrezkoa dela elkarlana indartzea". Barrualdeko xarmak ere harrapatu ditu, beraz, bisitariak. Aurtengoa uda gozoa izan da itsas brisa usaintzea zaila den txoko horietan ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide