Sei PMMA pilula urkitu zituen Ertzaintzak abuztuaren 15ean, Zestoako taberna bateko atarian. Poliziaren arabera, gizonezko bat ari zen droga hori kontsumitzen, marihuana dosi batekin batera. Polizia Zientifikoaren laborategian baieztatu dute bi droga horiek zituela gizonak.
Santurtzin (Bizkaia) atzeman zuten substantzia hori ertzainek lehen aldiz, martxoan. Uztailean, halako 239 pastilla aurkitu zituzten Lezon (Gipuzkoa), eta gizon bat hil zen leku berean. Gizonaren heriotzaren inguruko ikerketa zabalik da oraindik, ez baitute baieztatu heriotzak PMMA kontsumitzearekin lotura zuzena duenik.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, PMMA droga MDMA estasia baino gogorragoa da, «intentsitate, toxikotasun eta arrisku gehiago» du. Substantzia hori kontsumitzeak heriotza ekar dezakeela ohartarazi dute, eta adierazi dute Europako herrialde batzuetan izan direla halako kasuak. S logotipoa izan ohi dute pilulek, eta Superman deitzen diete. Hiruki formakoak dira, eta beraien kolorea laranja eta arrosa artekoa da. Erraza da haiek kontsumituta gaindosia ematea, denbora behar baitute gorputzean eragiteko. Hori dela-eta, ertzainen arabera, ohikoa da lehen pastilla hartu ostean gehiago kontsumitzea, haiek efekturik egiten ez dutela pentsatuta.