Azpeitiko eta Errezilgo Udalek dolu eguna izendatu dute, eta adierazpen bateratua argitaratu dute Zestoakoarekin

Urola Kostako Hitza 2015eko irailaren 6a

Gaur goizean hildako gazteen familiei eta ingurukoei dolumina eta elkartasuna adierazi diete. Azken asteetan hildako beste gazteak oroitu dituzte.

Zestoan ere haga erdira jaitsi dituzte banderak (E. Albizu Lizaso) Gaur, igandea, goizean gertatutako istripua dela-eta, dolu eguna izendatu dute Azpeitiko eta Errezilgo Udalek. ohar bateratua argitaratu dute Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako Udalek. Zestoako Udalak isiltasun minutu batekin oroituko ditu hildako gazteak. Ohar bateratua argitaratu dute hiru erakundeek. Doluminak eman dizkie familiei, eta babesa adierazi diete. Gaur hildako hiru gazteez gain, azken asteetan eskualdean izandako heriotz-istripuak izan dituzte gogoan. Honakoa da idatzia:

"Hiru Udalek dolumina eta elkartasuna adierazi nahi diete gaur goizean, Zestoako jaietatik bueltan, hil diren hiru gazteen familiei eta ingurukoei. Horrez gain, zaurituta dagoen gaztea azkar osa dadila espero dugu.

Bestalde, hiru Udalek nahigabea sentitzen dute azken asteetan izandako heriotzengatik: Huescan hildako azpeitiarraren heriotzagatik, moto istripu batean hildako azpeitiarrarengatik eta trenak harrapatutako zestoarrarengatik. Uda bukaera tragikoa ari da izaten eskualdean, eta guztiei helarazi nahi zaie auzo-mezu bat, doluminak emateko.

Azpeitiko eta Errezilgo Udalek dolu eguna dekretatu dute, eta Zestoakoak gogoan izango ditu hildakoak isiltasun minutu batekin. Azkenik, adierazi nahi dugu udalak harremanetan jarri direla, pertsonalki, hildakoen familiekin atsekabea adierazteko eta, behar izanez gero, laguntza eskaintzeko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide