Harriaren kontra jo zuen autoak (E. Albizu Lizaso)
Bi errezildar eta azpeitiar bat hil dira goizaldera, auto istripuz, Danona enpresaren inguruan, Zestoatik Azpeitira bidean. Laugarren zauritua, Urrestillakoa, Donostiako ospitalera eraman dute, larri. HITZAk jakin duenez, arriskutik kanpo dago laugarren gaztea. Femurra eta aldaka hautsi ditu hark. Istripua izan duten lau pertsonak gizonak dira, eta 19 eta 30 urte bitartean dituzte.
Hildako errezildarrek, J.S. eta J.U.-k, 30 eta 29 urte zituzten, hurrenez hurren. J.I. azpeitiarrak, berriz, 19 urte zituen. Ertzaintzak jakinarazi duenez, errepidetik atera da autoa gaur goizaldera, 7:35 inguruan, Lasao inguruan, eta harri baten kontra jo dute. Autoan harrapatuta gelditu dira hiru gazte, eta suhiltzaileek atera dituzte ibilgailutik. Ikerketa zabaldu du Ertzaintzak, gertaturikoa aztertzeko. Goizean errail bat itxi badute ere, dagoeneko irekita dago errepidea.
Hildako hiru gazteen hileta batera egingo dute, Errezilen, asteartean, 19:00etatik aurrera.
Hiru udalen adierazpen bateratua
Azpeitiko eta Errezilgo Udalek dolu eguna izendatu dute gaurkoa, eta Zestoako Udalak isiltasun minutua egingo du festen baitan.
Bestalde, ohar bat atera dute Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako Udalek gaur hildako gazteen senideei eta ingurukoei doluminak eta babesa adierazteko. Ospitalean dagoen gaztea "azkar osa" dadila desio dute erakundeek.
Gaur, igandea, hildako hiru gazteez gain, azken asteetan izandako istripuak gogoratu dituzte: Huescan (Espainia) hildako mendizale azpeitiarra, Zumaian auto istripuz hildako gizon azpeitiarra eta Katalunian trenak harrapatuta hildako gazte zestoarra. "Tragikoa ari da izaten uda amaiera eskualdean, eta hildakoen familia eta inguruko guztiei helarazi nahi diegu dolumin mezua", adierazi dute hiru udalek. Udalek jakinarazi dute familiekin harremanetan daudela, doluminak eman dizkiete eta laguntza eskaini diete behar dutenerako.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak dolumina adierazi die hildakoen familiei, Twitter bidez.