Txupinazoa lehertzean hasiko dira bihar Zestoan amabirjinak. Berrikuntza gisa daude biharko Patanen jaitsiera edo baltsa jaitsiera, eta igandeko pintxo lehiaketa.
Festan sartuko dira zestoarrak txupinazoa lehertzearekin bat. Bihar eguerdian izango da hori, 12:00etan. Egun luzea izango da Kuadrillen Eguna, egitaraua ekintzaz beteta baitago. Aurtengoan, gainera, berrikuntzekin dator, Zestoako Patanen jaitsiera baltsa jaitsiera antolatu baitu jai batzordeak.Bihar arratsaldean izango da hori, paella-janaren atzetik. Aurreko urtean antzeman zuten bazkariaren ostean «hutsunea» sortzen zela. Festa batzordeko bileretan landu zuten gaia, eta, Donostian edo Azpeitian lortu duen babesa ikusita, baltsa jaitsiera egitea proposatu zuten kide batzuek. Hala azaldu du Janire Diaz festa batzordeko kideak, «izan genituen gure desadostasunak, batzuek ez baitzeuden ados jaia plazatik ateratzearekin», dio. Azkenean, aurrera egitea erabaki zuten, eta neska kuadrilla bat aritu da ordutik dena gorpuzten. Facebook sare sozialean Zestoako Patanen Jaitsiera izeneko orria ireki zuten, herritarrekin harremanetan jarri eta parte hartzea bultzatzeko. Behin udalaren baimena jasota, kuadrillen parte hartzea lotzen aritu dira, eta, momentuz, lortu dute hamahiru baltsa izatea. Hala ere, baltsetan izateaz gain nahi bezala parte hartu daiteke. Antolatzaileak gustura daude lortutako babesarekin.
Arocena Hotelaren paretik abiatuko da lasterketa. Behin paella-jana amaitu ostean, baltsak plazara hurbiltzeko deia luzatuko dute, eta, Skandalue Elektritxarangaren konpainian gerturatuko dira Urola ibaira. Lasterketa Zubimusu parera arte egingo dute, baina bidean izango dira ustekabeak, antolatzaileek jokoak prestatu baitituzte. Behin helmugaratuta, sari banaketa egingo dute, Zubimusun bertan. Baltsarik azkarrena eta originalena sarituko dituzte, eta ikusleen gustukoenak ere jasoko du domina.
Biharko egun luzearen ostean, dultzaineroek argituko dute eguna igandean. Egitarauan bada beste berrikuntza bat, arratsaldean, 18:00etan, pintxo lehiaketa antolatu baitu jai batzordeak ordu berean izango diren zekorketen alternatiba gisa. Gurutze jubilatuen tabernaren atarian egingo dute, eta, partehartzaile bakoitzak sei pintxo eta bi koktel sortu beharko ditu. Norberak eraman beharko ditu osagaiak, nahiz eta lan tresnak tabernak jarriko dituen. Behin lehiaketa amaitutakoan, mokadua egingo dute landutako pintxo guztiekin. Astearteraino iraungo dute jaiek Zestoan, jai giroan udarari bukaera emateko.
Partidak bertan behera
Herenegun Platja Miamin (Katalunia) trenak harrapatuta hildako I.P. gazte zestoarraren hileta-elizkizuna dela-eta, gaur arratsaldean lehiatzekoak ziren Zestoako Gazteen VI. Pilota Txapelketako finalak bertan behera uztea erabaki du Zestoako Pilota Elkarteak.
Finalak aurrerago jokatuko dira, eta honako hauek izango dira parte-hartzaileak: Anduaga eta Sasiain, Errasti eta Arrizabalagaren kontra; Iker Egiguren Aimar Egigurenen kontra, eta Mutiozabal eta Unanue, Odriozola eta Alberdiren aurka.