Sarera salto egin du ‘Danbolin’-ek

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko irailaren 3a

Aristi, Arregi eta Bergara, 'Danbolin'-eko kideak. (E. Albizu Lizaso) Zestoako 15 urteko nerabea da Danbolin. Gainontzeko nerabeei bezala, iritsi zaio hari ere aldaketen garaia, erronka berriei heltzeko momentua; eta, aurrera begira, erabakiak hartzeko unea. 2000. urtean sortu zen Danbolinzulo Kultur Elkartea, herri ekimenaren emaitza. Harekin batera heldu zen Danbolin Zestoako herri hilabetekaria. 15 urteren ondoren, atari berria estreinatu eta aurkeztuko dute gaur, Danbolin.eus. Komunikazio proiektuaren sustatzaileek argi dute «garai berriei» aurre egin behar dietela, baina «nortasuna» galdu gabe. «Borondatez lan egiten duen talde batek osatzen du Danbolin, lehen eta orain. Herritarrena da aldizkaria, eta ezinezkoa litzateke aurrera egitea beraien ekarpenik gabe», azaldu du Jone Bergara aldizkariaren koordinatzaileak. Sorreratik, Danbolin-en helburua izan da Zestoako gaiak eta albisteak lantzea, herrigunekoak eta auzoetakoak. «Hasieran kezka izan genuen, herri txikia izanik ez baikenekien zer aukera izango genituen hedabide bat elikatzeko. Ikusi dugu Zestoak ematen duela jokoa», esan du. 'Danbolin.eus' atari berria Gaiak ez dituzte falta izan Zestoan, eta horregatik egin du bere ibilbidea herri aldizkariak. Duela pare bat urte erabaki zuten hilabetekaria osasuntsu zegoela, eta bazela garaia zestoarrei beste zerbait eskaintzeko. Amaiur Aristi lehendakariak azaldu du «errealitatearekin eta garaiekin bat egin» nahi izan dutela beti, horregatik, beharrezkoa dela gaur egun sarean ere presentzia izatea. 2012an egin zuten saiakera bat, beraiek sortutako webgune batekin, baina ez zuen eman fruiturik. Gaur aurkeztuko duten webgune berria profesional baten laguntzarekin egin dute, eta pertsona bat hartu dute, «burua webgunean» izan dezan. Oier Arregi arduratuko da, hain zuzen, webgunea elikatzeaz: «Herritarrak jarri nahi ditugu proiektuaren erdian, eta dei egin nahi diegu edozer albiste edo gai dutenean gurekin harremanetan jar daitezen eta albisteak bidal ditzaten. Guztiok izan behar dugu Danbolin». Aristik ere bat egin du ideia horrekin: «Gaur arte, informazioa bidali bakarrik egin dugu; orain, trukea landu nahi dugu. Bi norabideko komunikazioa». Zestoarren esku jarri dituzte info@danbolin.eus helbide elektronikoa eta baita 943-14 71 23 telefonoa ere.

Bi euskarri, produktu bat

Bi euskarri landuko dituzte, beraz, Danbolin-eko kideek hemendik aurrera. Hala ere, lana egingo dute biak bat izan daitezen. «Elkarren osagarri izango dira, aldizkariko aurrerapenak jarriko ditugu webgunean, eta webguneko gai batzuk ere sakon landuko ditugu aldizkarian», azaldu du lehendakariak. 300 bazkidetik gora ditu Danbolin Kultur Elkarteak, eta 1.500 aldizkari banatzen dituzte hilean, banaketa masiboa egiten baitute. Bazkideek gainontzekoek bezala jasotzen dute aldizkaria, eta zenbait zozketatan parte hartzen dute. «Batik bat, proiektua bultzatzeko da bazkidetza, beharrezkoa dugu gure bazkideen babesa», azaldu du Bergarak. Urtean 25 euroren truke egin daitezke bazkide zestoarrak. Bestalde, berrikuntza gisa jarriko dute herriko merkatariek eta norbanakoek iragarki laburrak jartzeko txoko bat. Horrela indartu nahi dute hedabidearen eta herriko merkatarien arteko harremana. Danbolin-eko kideek azaldu dutenez, «prezio sinbolikoa» izango du bertan iragarkiak jartzeak, eta sare sozialen bidez ere zabalduko dituzte eskaintzak. «Beste apustu bat da, eta denborak erakutsiko digu baliagarria al den edo ez», esan du Arregik. Sinplea eta zuzena Webgune «sinplea, zuzena eta garbia» aurkeztuko dute gaur Zestoan, «edonork erabiltzeko modukoa». 20:00etan hasiko da aurkezpena, Portale kalean, Magnoliopean. Ondoren, mokadua eta edariak egongo dira, musikarekin. Herritar guztiak gonbidatu dituzte jaira.      

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide