Zestoako EH Bilduk salatu egin du alkateak, Kortaren omenaldiaren harira, koalizioarekin izandako jarrera

Zestoako Hitza 2015eko abuztuaren 9a

Koalizioko kideek jakinarazi dute "behartuta" sentitu direla zenbait gauza azaltzera, Josetxo Mendizabal alkateak hedabidetan eginiko adierazpenak direla-eta .

[caption id="attachment_161023" align="aligncenter" width="300"]Joxe Mari Korta hamabostgarren urteurrena omenaldia 2015 josetxo mendizabal EAJko eta EH Bilduko hautetsiak, Joxe Mari Kortaren omenaldi-ekitaldian, atzo, larunbata. (E. Albizu Lizaso)[/caption] Zestoako EH Bilduk ohar bidez jakinarazi du "behartua" sentitu dela Josetxo Mendizabal Zestoako alkatearen jarreraren eta adierazpenen aurrean zenbait kontu argitzera. Joxe Mari Kortaren omenaldia dela-eta koalizioarekin izandako jokabidea eta komunikabideetan alkateak eginiko adierazpenak nabarmendu ditu indar politikoak.

Kortaren omenaldirako gonbitea

EH Bilduk adierazi du ez zaiola "bate ere egokia" iruditu Zestoako EAJk eta, batez ere, alkateak Joxe Mari Kortaren omenaldiaren harira beraiekin izan duen jarrera. Koalizioak salatu du, nahiz eta omenaldian izateko "prestutasun osoa" izan duten, beraiekin harremanetan jarri aurretik hartu zuela udal gobernuak hara joateko erabakia. Horrez gain, kritikatu egin dute erabaki horren berri hedabideei beraiei baino lehenago eman izana. Hedabideen mezuei dagokionez, gogorarazi dute EAJk gobernatu izan duen urteetan ere ez dela Zestoako Udala Kortaren omenaldian izan: "Hainbat komunikabidek Zestoako Udalak ofizialki omenaldian lehen aldiz parte hartu izana EH Bilduren erru gisa irudikatu nahi izan dute, ahaztuta iragan urteetan EAJk gehiengo osoz lehen ere Zestoan alkatetza izan duela", gehitu dute. EH Bilduk jakinarazi duenez, hedabideekin hitz egin ostean bidali zion mezu bat Josetxo Mendizabal alkateak koalizioko zinegotzi bati. Mezu horretan adierazi zion EAJk, Zestoako Udala ordezkatuz, parte hartuko zuela omenaldi-ekitaldian, eta horretarako aukera zuela EH Bilduk ere. EH Bilduren arabera, beraien zinegotziak esan zion "borondate eta prestutasun osoa" zutela beraiek ere bertan parte hartzeko, eta han izango zirela. Hala ere, EH Bilduren hitzetan, zinegotziak esan zion ez zuela uste "hain gai serioa" lantzeko erabilitako "azken uneko moduak" egokiak zirenik. Koalizioak azaldu du handik ordu erdira Mendizabalen adierazpenak entzun zituztela Cadena Ser irratiko webgunean zera esanez, EH Bilduko bost zinegotziak gonbidatu dituela Zestoako Udalak, baina ez dutela erantzunik jaso.

Ez dute hitzarmenik adostu

"Harrigarriena eta gauzak argitzeko idatzia argitaratzera behartu gaituena, Euskadi Irratian alkateak egindako adierazpenak izan dira, non, besteak beste, EH Bildurekin akordioa daukala esan duen", azaldu dute EH Bilduko kideek. Horren aurrean argitu dute ez dagoela "inolako akordiorik", ez dutelako hitzordurik izateko proposamenik jaso. Hain zuzen, koalizioaren arabera, Whatsapp-eko mezu baten bidez jaso zuten Kortaren omenaldira joateko gonbitea. "Tristuraz diogu, benetan onartezina bezain ulertezina iruditzen zaigula gure herriko gairik serioenetako bat halako arinkeriaz eta hain modu desegokian kudeatzea", nabarmendu dute.

Jaietako egitarauan aldaketak

Bestalde, kritikatu egin dute euskal presoen aldeko afari herrikoia jaietako egitarautik kentzea: "Alkatea bakegintza eta elkarbizitza bultzatzeaz aritu den bezala arituta, ez dugu ulertzen hainbeste urtetan herriko jaietan inongo arazorik gabe jai giroan euskal presoen eskubideen aldeko afari herrikoi jendetsua egitarautik kentzeko erabakia nolatan hartu duten, jai batzordearen iritzia kontutan hartu ere egin gabe". Zestoako EH Bilduk jakinarazi du "itxi gabeko zauriak leundu asmoz" egingo dutela lan, "ondorengo belaunaldiei herri baketsu bat eskaintzeko bidean". Honakoa azaldu du koalizio abertzaleak: "Gure aldetik autokritika zintzoa eginez, iraganean Ezker Abertzaleak ETAren biktimekiko agertutako sentsibilitate ezak horien mina areagotu izan duela aitortu dugu. Horrexegatik, eta Joxe Mari Korta zenaren senide eta lagunei zor diegun elkartasuna adieraziz, umiltasun osoz omenaldian izan gara eta egon behar den guztietan izango gara". EH Bilduren jatorrizko oharra irakur daiteke, hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide