Zestoako Udalak txosten bat eskatuko dio Urola Erdiko Mankomunitateari jakiteko zer aukera dauden bosgarren edukiontzia berriro jartzeko. Ingurumen batzordetik egin behar dute eskaera, mankomunitateko kideek ikerketa hori egin dezaten. Izan ere, Josetxo Mendizabal Zestoako alkatearen arabera, bilketa sistema berria dela-eta, «nabarmen» hazi da Udalak mankomunitateari egin beharreko ekarpena: «2014an 2013an baino 70.000 euro gehiago ordaindu behar izan genituen, 300 tona gutxiago jasota». Hori dela-eta, aurrekontuetarako «aurreikusi» egin dute igoera hori, eta horretarako 40.000 euro gehiago gordetzea erabaki dute, alkatearen hitzetan.
Mendizabalek nabarmendu du Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan sistema bera ezarriz gero, gastuak «optimizatzea» lor daitekeela. «Sistema berak jarriz gero, errendimendua hobea izango da, eta kostua ere baxuagoa», esan du. Mendizabalen hitzetan, honakoak dira beraien helburuak: gaikako bilketa bermatzea, egutegi zorrotza kentzea eta gastuak iraunkortzea.
Aho batez onartua
Aho batez onartu zuten Bilduk eta EAJk, 2013ko abenduan, sistema komunitarioa eta ekarpen guneak jartzea Zestoan, %70eko birziklatze tasara iristeko. 2014ko ekain amaieran jarri zuten abian. Herriguneko, Iraetako eta Arroabeko atarietan jarri zituzten edukiontziak, eta hondakin mota bakoitza botatzeko datak eta orduak zehaztu zituzten.