Kaxka Txiki parke berria egiteko erabili dute aurrekontuetako zati bat (E. Albizu Lizaso)
Zestoako Udalak erabaki du ezarrita dagoena baino 521.383 euro gehiago erabiltzea 2015eko aurrekontuak osatzeko. Beraz, denera, 4.664.746 euro inguru erabiliko ditu erakundeak udalerriko gastuei aurre egiteko. Zifra osoa ez, baina joan den agintaldian onartu zuten aurrekontuek 361.000 euro gehiago izatea, udaleko bi indar politikoen adostasunarekin.
Joan den asteko ezohiko udalbatzan hartu zuten erabakia, EAJren aldeko sei botoekin. Gorka Unanue EAJko bozeramaileak adierazi zuen halako gehikuntza bat egiteko bi modu egoten direla: kreditua eskatzea edo diruzaintza gerakinak erabiltzea. Unanueren arabera, bigarren aukeraren alde egin dute, eta aurrezkiak erabiliko dituzte.
EH Bilduren ezetza
EH Bilduko bost hautetsiek proposamen horren aurka bozkatu zuten uztailaren 28ko ezohiko udalbatzan, nahiz eta «aldaketa gehienekin ados» egon. Mikel Arregi Ertxin EH Bilduko bozeramaileak azaldu zuen 10.000 euro gehiago erabiliko direla alkatearen soldata ordaintzeko, eta neurri horren kontra daudela koalizioko kideak.
Gainontzean, Zestoako Udalean ordezkatuta dauden bi indar politikoek, EAJk eta EH Bilduk, begi onez ikusi zituzten aurrekontuetako aldaketak. EH Bilduko bozeramaileak esan zuen gehikuntza proposamen horren «pisu handiena» joan den agintalditik datorrela, eta beraiek ere «beharrezkoa» ikusten dutela aldaketak gauzatzea. Hala ere, alkatearen soldata ez dela «justifikagarria» eta «zilegizkoa» nabarmendu zuen hark. Gogorarazi zuen %49ko igoera izan duela Josetxo Mendizabal alkatearen soldatak, eta adierazi zuen horrekin «iruzur dialektikoa» egin dutela arduradunek.
Gehikuntzen artean aldaketa ugari badira ere, hirigintzari eta jaiei lotutakoak dira nabarmenenak. Horiei gehitu behar zaie EH Bilduk salatu duen alkatearen soldata igoera ere.
Murrizketa arrapalan
Murrizketa bat egin dute aurrekontuetan, Idiazpiko arrapalarena. EAJko bozeramailearen arabera, «aukera desberdinak» aztertu nahi dituzte; halere, jakinarazi zuen, «beste hautabiderik egon ezean» berriro ere abian jarriko dutela proiektua.
Proposamena publiko egingo da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta hamabost egun egongo dira erreklamazioak egiteko. Kexarik egon ezean, aurrekontuak behin betiko onartuko dira. Bestalde, Unanuek jakinarazi zuen aurrekontuetan gehikuntza horiek egin ahal izateko, «legeak agintzen duen txostena» egin duela kontu-hartzaileak, erakundearen «finantza iraunkortasuna» aztertu eta baloratzeko.
Aldaketak
Gehikuntzak
Alkatearen soldata. 10.000 euro gehiago.
Ekainfest. 8.000 euro gehiago.
Pilota jaialdiak. 12.300 euro gehiago.
Festen antolaketa. 12.300 euro gehiago.
Eguneko zentroa. 10.000 euro gehiago.
Urola Erdiko Mankomunitateari egin beharreko ekarpena. 40.000 euro gehiago.
Asfaltoa. 20.000 euro.
Olaizola eta Uria kaleko lanak. 50.000 euro.
Eskoletako azpiegiturak. 40.000 euro.
Lasaoko elkartea. 5.000 euro.
Olaizola eta Uria kaleko lanak. 50.000 euro.
Parkea. 47.000 euro.
Garbitzailea. 22.000 euro.
Ibilgailu berria. 22.000 euro.
Belarra mozteko makina. 7.000 euro.
Murrizketak
Idiazpiko arrapala. 50.000 euro gutxiago.