521.000 euro gehitu dizkio Zestoako Udalak 2015eko aurrekontuei

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko abuztuaren 5a

EAJren aldeko bozekin onartu dute; EH Bilduk aurka bozkatu du. Neurri gehienekin ados badago ere, koalizioak salatu du alkatearen soldatarako 10.000 euro gehiago erabiltzea.Zestoako Udalak erabaki du ezarrita dagoena baino 521.383 euro gehiago erabiltz...

EAJren aldeko bozekin onartu dute; EH Bilduk aurka bozkatu du. Neurri gehienekin ados badago ere, koalizioak salatu du alkatearen soldatarako 10.000 euro gehiago erabiltzea.

Zestoako Udalak erabaki du ezarrita dagoena baino 521.383 euro gehiago erabiltzea 2015eko aurrekontuak osatzeko. Beraz, denera, 4.664.746 euro inguru erabiliko ditu erakundeak udalerriko kontuei aurre egiteko. Joan den agintaldian onartu zuten aurrekontuek 361.000 euro gehiago izatea, udaleko bi indar politikoen adostasunarekin, eta orain onartu dute gainerakoa gehitzea, guztira 521.383 euro izan arte.

Joan den asteko ezohiko udalbatzarrean hartu zuten erabakia, EAJren aldeko sei botoekin. Gorka Unanue EAJko bozeramaileak adierazi zuen halako gehikuntza bat egiteko bi modu egoten direla: kreditua eskatzea edo diru gerakinak erabiltzea. Unanueren arabera, bigarren aukeraren alde egin dute, eta aurrezkiak erabiliko dituzte.

EH Bilduren ezetza

EH Bilduko bost hautetsiek proposamen horren aurka bozkatu zuten, «nahiz eta aldaketa gehienekin ados egon». Mikel Arregi Ertxin EH Bilduko bozeramaileak azaldu zuen 10.000 euro gehiago erabiliko direla alkatearen soldata ordaintzeko, eta neurri horren kontra daudela koalizioko kideak.

Gainontzean, Zestoako Udalean ordezkatuta dauden bi indar politikoek, EAJk eta EH Bilduk, begi onez ikusi zituzten aurrekontuetako aldaketak. EH Bilduko bozeramaileak esan zuen gehikuntza proposamen horren «pisu handiena» joan den agintalditik datorrela, eta beraiek ere «beharrezkoa» ikusten dutela aldaketak gauzatzea. Hala ere, alkatearen soldata ez dela justifikagarria eta zilegizkoa nabarmendu zuen hark. Gogorarazi zuen %49ko igoera izan duela Josetxo Mendizabal alkatearen soldatak, eta adierazi zuen horrekin «iruzur dialektikoa» egin dutela arduradunek.

Gehikuntzen artean aldaketa ugari badira ere, hirigintzari eta jaiei lotutakoak dira nabarmenenak.

Murrizketa, arrapalan

Murrizketa bat egin dute aurrekontuetan, Idiazpiko arrapalarena. EAJko bozeramailearen arabera, «aukera desberdinak aztertu nahi» dituzte; hala ere, jakinarazi zuen, «beste hautabiderik egon ezean» berriro ere abian jarriko dutela proiektua.

Proposamena publiko egingo dute Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta hamabost egun egongo dira erreklamazioak egiteko. Kexarik egon ezean, aurrekontuko aldaketak behin betiko onartuko dituzte. Bestalde, Unanuek jakinarazi zuen aurrekontuetan gehikuntza horiek egin ahal izateko, legeak agintzen duen txostena egin duela kontu-hartzaileak, erakundearen finantza iraunkortasuna aztertu eta baloratzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide