Zestoako Akoako Bira lasterketan izena emateko aukera ireki dute

Urola Kostako Hitza 2015eko abuztuaren 4a

Irailaren 13an jokatuko da 7,8 kilometroko proba

Irailaren 13an jokatuko da Akoako Bira lasterketa Zestoan. Dagoeneko izena emateko epea zabaldu dute antolatzaileek Herrikrossa.com webgunearen bidez. 7.800 metroko lasterketa da, eta 18 urtetik gora eduki behar dira bertan parte hartzeko. Izena emateko 5 euro ordaindu behar dira, baina lasterketa egunean dortsala jasotzearekin batera ordaindutako dirua itzuliko zaie parte-hartzaileei. Partaide kopuruak muga du lasterketa honetan, 150 parte-hartzailekoa.

Lasterketa 10:30ean hasiko da, eta ibilbidea mendian izango du. Irteera eta helmuga Akoa auzoko baselizan izango ditu. Gizonezkoetan eta emakumezkoetan lasterketa irabazten dutenek txapela jasoko dute. Gainera, lehen bost gizonek eta emakumeek sari bezala tokiko produktuak jasoko dituzte. Herriko lehenengo taldeek ere saria izango dute. Probaren bukaeran parte-hartzaile guztientzako hamaiketakoa izango da, eta tokiko produktuak zozkatuko dituzte.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide