Loiolako turismo bulegoa inauguratu dute bailarako eta herrialdeko agintariek

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko uztailaren 27a

Loiolako turismo bulego berria inauguratu dute herrialdeko eta bailarako agintariek. Haiekin batera izan da Arantza Madariaga Basquetour Jaurlaritzaren turismo agentziako zuzendaria. Urola Erdiko xarma erakustea du xede turismo agentzia berriak, eta Loiolako Santutegira joaten diren bisitariak eskualdeko udalerrietara bideratzea. Saiakera horretan, «pauso kualitatiboa» dela esan dute Iraurgi Berritzen garapen agentziako kideek, uste baitute «tokiko garapen ekonomikoan elkarlanean» eragiteko tresna eta aukera dela. Horretarako, herriz herri eginiko liburuxkak eta mapak ditu etxola berriak. Iraurgi Berritzenek finantzatu du bulegoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Turismo saileko laguntzarekin. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Denis Itxaso Aldundiko Turismo diputatuak, Madariagak eta Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak moztu dute bulego berriko zinta. Haiez gain, inaugurazioan izan dira Aizarnazabalgo, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako ordezkariak ere.

Bulego "birziklagarria"

Iruñeko Nuevo Sistema Modular S.L. enpresak egin du bulegoa, lehiaketa publiko bidez esleitua. Prefabrikatua eta «birziklagarria» da, Iraurgi Berritzen agentziaren arabera. Hau da, berriro erabil daiteke kokapena aldatuta ere. Horrez gain, azaldu dute «kalitate handiko» materialez ekoitzi dutela bulegoa. «Efizientzia energetikoaren baitan eraikuntzarako kode teknikoko irizpideak betetzen ditu, eta biziraupen luzerako aurreikusita egin dugu», azaldu dute. Foru Aldundiaren baimena dute 15 urtez bulegoa toki horretan edukitzeko. Ondoren, aukera egongo da hitzarmena berriro adostu eta luzatzeko.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide