Karmen jai oparoak egingo dituzte gaur hasita Arroabean

Ana Abarisketa 2015eko uztailaren 15a

"Herritar guztiak gogoan izanda" antolatu ditu festak Arroabeko Jai Batzordeak. Mikel Goñiren erronka bertan behera gelditu da, eta motor festa egingo dute

Karmenak Arroa Behean Azken hiruzpalau hilabete daramatza Arroabeko Festa Batzordeak, gaur hasi eta igandera bitartean iraungo duten karmenak prestatzen. Irati Mantzisidor da batzordeko kideetako bat, eta, «herritar guztiak gogoan izanda» ekintza mordoa prestatu dutela azaldu du. Zabala da eskaintza, auzoa bezalaxe. "400 biztanleko herri txiki bat gara, baina herritar horien artean denetik dago", esan du. "Arroabean daukagun gauzarik politenetarikoa da ekintzak elkarrekin egin ditzakegula". "Tantaka" ibili omen dira guztia antolatzen. Goiz hasten dira  ekintzarik potenteenak lotzen. Izan ere, ez dira asko Festa Batzordeko kideak, -zortzi bat lagun, gutxi gorabehera-, eta Internet bidez egiten dute elkalana. Batzuk Arroabetik kanpo bizi dira, eta teknologiari esker lortu dute elkarrekin komunikatzea. Gaupasa Eguna izango da gaurkoa, Karmen Egunaren bezpera. Egunargiak hantxe harrapatuko ditu Arroabera gerturatzen diren asko, baina izango dute zer eginik bihar ere. Izan ere, Karmen Egunean, tradizioa da tabernak itxi ostean baserriz baserri ibilaldia egitea, Katzaolatik hasita. Tritiaren konpainian, bertsoak botatzen dizkiete baserritarrei eta, horiek, trukean, jan-edana ematen diete. "Gaupaseroekiko tolerantzi handia" izaten omen dute baserritarrek. Bada egitarauan azken momentuko aldaketarik. Mikel Goñiren pilota erronka bertan behera gelditu da, eta hala, Artetxe eta Taladro pilotarien kontrako norgehiagokaren ordez motor festa antolatu dute. Festek herritarrak batzeko balio dutelakoan, karmenak bizilagun berriak «herritartzeko» balio izatea espero du Festa Batzordeak. Arroabean biztanleriak gora egin du nabarmen azken urteetan, eta bizilagun berriak erakarri nahi dituzte festara. Horren adibide da, bihar arratsaldean, 19:00etan, egingo den Munduko Platerak ekitaldia. Kultura ezberdinetako janariak dastatzeko parada egongo da. Plazan bertan izango da hitzordua.

Egitaraua

GAUR, JUBILATUEN EGUNA 13:00. Jubilatuen pala partida. 14:00. Jubilatuen bazkaria Ederki elkartean. 19:00. Herri kirolak Aresoko gazteekin. Bertso-triki poteoa. 21:30. Eusko Label herri afaria. Dantza txapelketa. Endara DJa goizaldera arte. BIHAR, KARMENGO EGUNA 05:00. Baratxuri-zopa jana. 06:00. Karroza herriko baserrietan. 12:00. Meza, Arroabeko abesbatzarekin. Ondoren, Zestoako dantzariak eta pilota partidak. 18:00. Patata tortilla lehiaketa eta sagardoa. 19:00. Zaldi proba. Jarraian, Munduko Platerak ekitaldia. 22:00. Piano bat bertsotan ikuskizuna. ETZI, UMEEN EGUNA 10:00. Ume jolasak. Jarraian, umeen bazkaria. 15:00. Puzgarriak, aurpegi margoketa, txokolate jana.... 19:00. Pala txapelketako finala. 23:00. Danborrada. 0:00. Erromeria Obaneukerekin LARUNBATA, KOADRILEN EGUNA 10:30. Bikotekako sukaldari lehiaketa. 14:30. Koadrilen arteko bazkaria. Jarraian, koadrilen arteko norgehiagoka. 19:00. Motor festa 22:30. Kontzertuak: Skaleak, Ze Esatek!, Afu. IGANDEA, EUSKAL JAI EGUNA 12:00. Haurren VIII. Danborrada. 13:00. Meza nagusia 18:00. VII. Trikilari Gazteen Txapelketa. Jarraian, herriko sagardo dastaketa eta pintxoak 0:00. Bonbazoa eta ikurrina jaitsiera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide