Echeguiko geltokira bidaia

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko uzt. 10a, 08:05

(E. Albizu Lizaso) Echeguiko tren geltokia inauguratu berri dute. Gona luzeak, arropa ilunak eta frankismoko sinboloak ikus daitezke eszenan. Nabaria da herritarren anbiguotasun sentimendua. Alkatea joan da familia guztiarekin, eta han dira gainontzeko politikariak ez ezik, apaiza, Guardia Zibila eta herriko pertsona entzutetsuak ere. Gaztelaniaz hitz egiten du Echeguiko alkateak, debekatuta baitago euskaraz mintzatzea. Herritarrek haren hitzak goraipatzen dituzte. Espainiako banderak astintzen ari dira; batzuk, gogoz; besteak, halabeharrez. Horren guztiaren artean, bi gazte, bi familia, maitasun istorio bat, eta hiru udalerri: Azpeitia, Hondarribia eta Zestoa. Egun batzuez, 59 urte atzera egin dute eskualdeko bi udalerrietan, Aitaren Etxea telesaila errodatzeko. Pausoka ekoiztetxea Euskal Telebistarentzat egiten ari den telesaila da, eta 1956ko testuingurua jasotzen du. Azken egunetan Azpeitia eta Zestoa artean izan dira lanean. Frankismo garaian girotutako telesaila bada ere, haren muina «unibertsala» dela azaldu du Jabi Elortegi zuzendariak: «Euskarazko telesailek guztientzat izan behar dute, beraz, maitasuna hartu genuen ardatz gisa. Gaur egun, Whatsapp-etik komunikatzen dira gazteak, eta lehen, gutun bidez. Baina gauza bera da: maitasuna». Elortegiren arabera, telesailak lor dezake etxeko guztiengana iristea; batzuengana, garaia ezagutzen dutelako; besteengana, jakin-minarengatik edo kontatzen den istorioarengatik.

Bi familia, aurrez aurre

Echegui fikziozko udalerrian dago kokatua istorioa. Bertako bikote gazte bat maiteminduta dago, eta familiek ez dute nahi erlazioak aurrera egin dezan. Izan ere, gerran, elkarren aurka egon ziren bi sendiak. Hori dela-eta, harremana eragozten saiatzen dira gurasoak. Zelaiatarrak, mutilaren familiakoak, hotel bateko arduradunak dira. Hain justu, Zestoako Arozena hotelean ari dira zati horiek errodatzen. Beste familia, neskarena, herriko alkatearena da. Alkatearen etxea eta telesailko kaleak Hondarrian daude kokatuta. Aste honetan, Echeguiko tren geltokia inauguratu dute, Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan. Elortegiren hitzetan, «oso zaila» da, gaur egun, duela sei hamarkadako irudiak egoki irudikatzea. «Asko zaindu behar dira xehetasun guztiak; gaur egungo paisaia dugu nahitaez, kableak, kaleetako dekoratuak, telefonoak, jendea... Arroparekin eta makillajearekin ere lan handia egin dugu». Gaur gaurkoz ohikoak ez diren jokabideak islatzen ere saiatu dira. Esate baterako, erretzaileen presentzia areagotu dute, eta hizkuntza gatazka ere eraman dute pantailara. Garai hartan, debekatuta zegoen euskaraz hitz egitea, baina euskarazkoa da telesaila: «Borroka txiki bat islatzen saiatu gara, gaztelaniazko zatiekin. Gaur, adibidez, [inaugurazioan] erdaraz izango da alkatearen sermoia, baina gero etxean euskaraz hitz egingo dute. Hori zen errealitatea». Oraindik lanean ari da Aitaren Etxea telesaileko taldea, eskualdeko zenbait kiderekin. Esate baterako, Nagore Aranburu, Kandido Uranga eta Patxi Santamaria ari dira aktore lanetan. Udan egingo dute grabazio guztia, eta beraien asmoa da irailean ematea telesaila. Hala ere, hori telebistako programatzaileen esku egongo da. Trena Echeguiko geltokira iritsi zain egon beharko dute ikusleek, beraz.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide