(E. Albizu Lizaso)
Txokoko pilota txapelketako finala jokatuko dute gaur zestoarrek. Asteazkeneko partiden ostean, Ander Etxeberria eta Aitzol Astiazaran bikotea eta Iñigo Uria
Arrieta eta Jon Lizaso
Ipintza iritsi dira azken norgehiagokara, eta haien artean erabakiko dute nor den aurtengo bikote irabazlea. 18:45ean da hitzordua, herriko pilotaleku estaligabean. Lehenik, hirugarren eta laugarren postuak jokatuko dituzte; ondoren izango da finala.
Asteazkenean jokatu zituzten finalerdiko bi partidak, eta honakoak izan ziren emaitzak: Etxeberriak eta Astiazaranek 30 eta 24 irabazi zieten Iker Perez eta Iñigo Gerenabarrenari; bigarren norgehiagokan, berriz,
Arrieta eta
Ipintza 30 eta 22 gailendu ziren, Joseba Bereziartua
Muno eta Lain Azagirren kontra. Beraz, asteazkeneko bi bikote irabazleek finala jokatuko dute, eta beste biak hirugarren eta laugarren postuaren bila lehiatuko dira.
Txapelketa berezia
Arrieta-k hamairu urte daramatza txapelketan parte hartzen. Haren arabera, «berezia» da Txokoko txapelketa: «Leiho horiek bizitasuna ematen diote jokoari, eta giro polita sortzen da, belaunaldi desberdinak biltzen dira hemen; gazteak eta adinekoak, denak». Zazpi partida jokatu dituzte finalera iristeko, eta Bereziartuaren hitzetan, «estua» izango da biharko lehia.
Pilotariaren hitzetan, urtero bildu ohi da jende asko finalean: «Zestoarrek jarraitzen dute txapelketa, eta finala iristen denean jakinaren gainean egoten dira». Hori dela-eta, eskerrak eman nahi dizkie ikustera joaten diren guztiei.
17 bikotek parte hartu dute aurten Txokoko pilota txapelketan. Denek denen kontra jokatu dute ekainean zehar, lau taldetan banatuta. Multzo bakoitzeko bi bikote onenekin jokatu zituzten asteazkenean lehiaketako finalerdiak.
Amaiur eta Maialen pala txapelketako garaile
Emakumeen pala txapelketako finala ere jokatu dute, eta Amaiur Aristi eta Maialen Etxeberria izen ziren garaileak, Eider Iraola eta Monik Valorri 22 eta 16 irabazita. Ekainaren 25ean bukatu zen Zestoako pala txapelketa.