Txokoko pilota lehiaren finala jokatuko dute gaur Zestoako pilotalekuan

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko uztailaren 10a

Ander eta Aitzolek Arrieta eta Ipintzaren aurka jokatuko dute. Hirugarren eta laugarren posturako lehiatuko dira Perez eta Gerena, Muno eta Lainen aurka. 18:45ean da hitzordua.Txokoko pilota txapelketako finala jokatuko dute gaur zestoarrek. Asteazkene...

Ander eta Aitzolek Arrieta eta Ipintzaren aurka jokatuko dute. Hirugarren eta laugarren posturako lehiatuko dira Perez eta Gerena, Muno eta Lainen aurka. 18:45ean da hitzordua.

Txokoko pilota txapelketako finala jokatuko dute gaur zestoarrek. Asteazkeneko partiden ostean, Ander Etxeberria eta Aitzol Astiazaran bikotea eta Iñigo Uria Arrieta eta Jon Lizaso Ipintza iritsi dira azken norgehiagokara, eta haien artean erabakiko dute nor den aurtengo bikote irabazlea. 18:45ean da hitzordua, herriko pilotaleku estaligabean. Lehenik, hirugarren eta laugarren postuak jokatuko dituzte; ondoren izango da finala.

Asteazkenean jokatu zituzten finalerdiko bi partidak, eta honakoak izan ziren emaitzak: Etxeberriak eta Astiazaranek 30 eta 24 irabazi zieten Iker Perez eta Iñigo Gerenabarrenari; bigarren norgehiagokan, berriz, Arrieta eta Ipintza 30 eta 22 gailendu ziren, Joseba Bereziartua Muno eta Lain Azagirren kontra. Beraz, asteazkeneko bi bikote irabazleek finala jokatuko dute, eta beste biak hirugarren eta laugarren postuaren bila lehiatuko dira.

Txapelketa berezia

Arrietak hamairu urte daramatza txapelketan parte hartzen. Haren arabera, «berezia» da Txokoko txapelketa: «Leiho horiek bizitasuna ematen diote jokoari, eta giro polita sortzen da, belaunaldi desberdinak biltzen dira hemen; gazteak eta adinekoak, denak». Zazpi partida jokatu dituzte finalera iristeko, eta Bereziartuaren hitzetan, «estua» izango da biharko lehia.

Pilotariaren hitzetan, urtero bildu ohi da jende asko finalean: «Zestoarrek jarraitzen dute txapelketa, eta finala iristen denean jakinaren gainean egoten dira». Hori dela-eta, eskerrak eman nahi dizkie ikustera joaten diren guztiei.

17 bikotek parte hartu dute aurten Txokoko pilota txapelketan. Denek denen kontra jokatu dute ekainean zehar, lau taldetan banatuta. Multzo bakoitzeko bi bikote onenekin jokatu zituzten asteazkenean lehiaketako finalerdiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide