EHUNMILIAK PROBA
Ehunmiliak proba, bihar, ostirala, hasiko da 18:00etan Beasaindik, eta bihar gau-goizaldean pasatuko da Urolatik. Hona ORDUTEGIA: Ostirala, uztailak 10 - Beasain: 18:00 - Mandubia: 18:55/19:50 - Zumarraga-Urretxu: 19:55/22:25 - Elosua: 20:55/00:30 - Madarixa: 22:15/03:00 - Azpeitia: 23:25/07:15 Larunbata, uztailak 11 /Igandea, uztailak 12 - Zelatun: 01:10/10:00 - Jazkue: 02:30/14:00 - Tolosa: 04:00/16:45 - Amezketa: 04:55/18:45 - Txindoki: 06:40/21:15 - Lizarrusti: 09:00/01:30 - Etxegarate: 11:15/05:15 - San Adrian: 13:30/08:15 - Oazurtza: 15:30/12.00 - Mutiloa: 16:40/15:00 - Beasain: 18:10/18:00Parte hartzea eta denbora:
272 korrikalarik irtengo dute Ehunmiliak proban. Horietatik gehienak Euskal Herrikoak dira. Ehunmiliak probako denbora errekorra Imanol Aleson azkoitiarrak du. 2013ko edizioan egin zuen: 22:59:19. Aurten ere irteteko izena emanda dauka Alesonek.Urola aldean Ehunmiliak proban boluntario lanean: Lagun Onak MBkoak eta Agirokoak
Ehunmiliak probaren Urola aldeko ibilbidearen zatia Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunako eta Zestoako Agiro Mendi Taldeko boluntarioen artean antolatzen dute; «ardura handiko lana» dela diote.
Ehunmilietako probaren ibilbidean boluntario lanetan hamaika taldek eta dozenaka norbanakok jarduten dute. Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunakoak eta Zestoako Agiro Menti Taldekoak dira tartean, adibidez, eta Xoxotetik Hernio arteko ibilbide zatiaren ardura dute bi elkarteek.
Ehunmiliakeko parte-hartzaileak Xoxoteko aterpearen aurrean (Argazkia: Xoxoteko aterpea).
Izarraitz mendikateko Xoxoteko aterpetik Arauntza gainera bitarteko ibilbide zatian jarduten dute Lagun Onak Mendi Bazkunako boluntarioek. Bide horretan, gainera, Azpeitiko Frontoi Txikian kontrol eta anoa postu batean ere egoten dira. «Gu egoten garen bide zatiak 8-9 kilometro inguru ditu, eta hogei bat lagunek jarduten dugu. Gau oso bateko lana da, probako aurrenekoa 23:30ak inguruan iristen da, eta kontrol postua 08:00etan ixten dugu. Lehen urteetan txanda bakar bat egiten genuen, gau osoa pasatuz. Orain, ordea, bi txanda egiten ditugu gure artean, hala arinagoa egiten da lana», dio Lagun Onak MBko Pedro Mari Aizpuruk.
Ehunmilian boluntario jardun zuten aurreneko urtea du gogoan Aizpuruk: «Behe laino handia zegoen, eta guk jarritako seinaleak ikusi ere ez ziren egiten. Orduan, mendi elkarteko egoitzara jaitsi, handik geuk erabiltzen genituen beste seinale batzuk hartu, eta ibilbidean jartzen aritu ginen».
Horrelakorik ere pasatu dute Zestoako Agiro Mendi Taldekoek. Arauntzatik hasi eta Zelatun bitarteko ibilbidean jarduten dute boluntario; hamabi bat lagun egoten dira. «Gurea ibilbideko punturik okerrenetakoa izango da. Gauez pasatzen dira parte-hartzaileak, eta beti behe lainoa egoten da, kostatik datorrena, eta ihintza ere egiten du. Ibilbidea harritsua da, eta labaina ere egoten da», dio Mikel Irure Agiroko kideak.
Ezusteko bat edo beste izan dituzte Agirokoek, gainera: «Orain bi urte-edo parte-hartzaile bat galduta zebilela komunikatu ziguten, eta han ibili ginen bila. Azkenenean, gu geunden tokitik 20 metrora zegoen, baina metro batera ere ez zen ezer ikusten, laino handia zegoen». Horregatik, proba egunean nahiko urduri egoten direla dio Irurek: «Ardura handia da, eta beti urduri egoten gara. Baina, ohitzen ere ari gara».
Antolakuntza ona
Hala ere, Ehunmiliak probaren antolakuntza «oso ona» dela diote Aizpuruk eta Irurek. «Une oro komunikatuta gaude antolatzaileekin eta kontrolekoekin, beraz, bateren bat galduta badabil berehala jakinarazten digute». Probaren antolaketa «izugarria» dela dio Aizpuruk: «Parte-hartzaile adina boluntariok jardungo dugu lanean. Antolatzaileek lan izugarria egiten dute, eta merezi dute laguntzea». Horretan ere bat dator Irure.
Marimurumendi maratoia
Marimurumendi maratoia egingo du Joxe Anjel Oñederra Aizarnan bizi den aizarnazabaldarrak:
Joxe Anjel Oñederra: «Mendiak baditu beste kirolek ez dituzten balore batzuk»
Joxe Anjel Oñederrak aurten Marimurumendiko maratoian parte hartuko du (Onintza Lete Arrieta).
Marimurumendi maratoia egingo dute aurrenekoz igandean Beasainen, eta Oñederrak (Aizarnazabal, 1977) hura aukeratu du, «aldatzearren», beste bi probak (Ehunmiliak eta Bi Handiak) eginak baititu sarri.
Ehunmiliak lasterketako beste bi modalitateak eginak dituzu: 168 kilometrokoa eta 88 kilometrokoa. Aurten, 42 kilometroko proba berria aukeratu duzu. Zergatik?
Neurri desberdinetan aritzea gustatzen zait, beti gauza bera egin gabe. Horregatik egingo dut Marimurumendi maratoia. Mendian ibili izan naiz beti, baita eskalatzen, eskiatzen... ere. Aurten Quebrantahuesos probatu dut. Ez zait gustatzen beti gauza bera egitea.
Zer ezaugarri ditu Marimurumendi maratoiak?
Lasterketa motzagoa da, eta 2.300 positiboan izango ditu [igoera]. Igande goizean hasiko da, egunez egingo da proba, besteak ostiral arratsaldean eta gauean hasten baitira. 42 kilometro direnez, aurrenekoak 3,5- 4 ordutan egingo du.
Zer iruditzen zaizu ibilbidea?
Zati bat Ehunmiliak probako bera da. Beasaindik Zumarraga aldera arte berdintsua izango dela uste dut. Hortik aurrera desberdina da, eta ez dut tokia ezagutzen. Teknikoki, ez dakit pista izango den ala mendia, eta alde handia dago batetik bestera.
Eguraldiari begiratuta, ez da komeniko ez bero handirik, ez eguraldi txarrik, ezta?
Batzuk beroarekin ondo ibiltzen dira; ni neu ez. Maratoian ez gara altura handietan ibiltzen, eta eguraldi txarrarekin ez dago arazorik; baina distantzia luzeetan, zailtasunak eragiten ditu. Iaz, esaterako, 88 kilometrokoa egin nuen, eta uztaila izan arren, eguraldi txarra egin zuen, eta hotz. Eta mendiari errespetua eduki behar zaio altuera horietan.
Zenbat denbora daramazu maratoia prestatzen?
Pare bat hilabete izango dira. Baina maratoia denez, ez dira hain entrenamendu luzeak behar. Ez dut asko entrenatzen, baina egiten dudanean, bi ordu inguru ibiltzen naiz. Asteburuetan saiatzen naiz luzeagoak egiten. Lasterketaren arabera izaten da hori. Etxe inguruan ibiltzen naiz: Hernio, Gazume... Pirinioetara ere joaten gara, mendira.
Bakarrik ala taldean entrenatzen duzu?
Normalean lagunekin, baina bakarrik ere gustuko dut. Entrenamenduetan gozatzea da kontua; ez gara profesionalak, eta entrenamenduak zehatz-mehatz egiteko beharrik ez daukagu. Geure sentsazioen arabera aritzen gara, eta baita ordutegiaren arabera ere: lana, familia, dena uztartu, eta tarte bat ateratzea ia korrika egitea bera baino zailagoa izaten da.
Ikuslerik espero al duzu igandean?
Maratoia egunez da, eta uste dut jendea egongo dela ibilbidean. Proba luzeetan desberdina da, gaueko tramoak daudelako, baina guk ez dugu bakardade hori sentituko. Gainera, Beasaingo kalean sartu, eta han ehunka lagun egoten da, azken kilometroa jendez beteta egiten da, eta sekuakoa da, gozatu egiten da.
Sprinterako gogo edo indarrik izaten al da?
Ez bat eta ez bestea. Gainera, mendian badira balore batzuk, beste kiroletan ez daudenak. Mendi lasterketetan askotan bi aurrenekoek ez dute sprintik egiten. Lasterketa osoa batera egin badute, helmugan ere bate ra sartzen dira. Mendi lasterketak duen beste parte on bat da hori.
Eta zein da parte txarra?
Batzuk mendian ibiliak gara mendi lasterketetan hasi aurretik. Baina jende asko ari da saltoa ematen mendiko lasterketetara, prestatu gabe edo mendiari errespetu gutxirekin. Ikusita dauzkat batzuk oso gaizki pasatzen, material gutxirekin... Behin altura batetik aurrera, kontuz ibili behar da. Jendeak salto egiten du handienera, luzeenera, motzagoak probatu aurretik. Orain boom bat dago, eta lasterketa bera egitea baino zailagoa da tokia lortzea, izena eman ahal izatea, alegia.
Zer izango da zuretzat politena maratoian?
Zerbait desberdina izatea. A ken urteetan Ehunmiliak-eko luzeak egin ditut, eta psikologikoki ere prestatzeko errazagoa da hau. Distantzia luzeak presio gehiago eragiten dizu: gaua nola igaroko duzun, eta abar. Lasaiago hartzeko aukeratu nuen maratoia. Gozatzeko.