Guraso elkarteak udaberriko festa egin zuen apirilean (Kepa Iribar)
Urteak dira Arroabeko auzotarrak eskola berria eskatzen hasi zirela. Eskola txikia "txiki" gelditu zaie hainbat faktore medio, eta hamaika ekintza egin dituzte baldintza hobeak beteko lituzkeen eskola berria eskatzeko. Helburua betetzeko bidean beste urrats bat eman dute orain, Eusko Jaurlaritzak argitaratu baitu ikastetxean Haur eta Lehen Hezkuntzako sei unitate izango lituzken eraikin berriari dagokion lanak egiteko proiektua. Unitate hauetako bakoitzak 20 edo 25 ikasle hartzeko ahalmena izango luke.
Arroabeko eskola txikiko zuzendari Jesus Albizuk Hitzari jakinarazi dio, aurreneko urrats hau proiektuaren aurkezpen publikoa dela, burokratikoa, alegia. Hala, behin proiektua onartzen denean "hurrengo pausoa lanak hastea izango litzateke".
Eskola txikiko ordezkaritza abenduan batzartu zen Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin. Hala, eta epeak errespetatuz gero, 2017an hasiko lirateke lanak, eta urtebeteko epean burutuko lirateke, 2018ko ikasturtean zehar bertan lanean hasteko ikasleak eta irakasleak.
Jesus Albizuk bi urte daramatza Arroabeko zuzendari lanetan Marije Egañari lekukoa hartuta. Eskola berriaren premiaren zergatiaz galdetuta, pare bat arrazoi nagusi azpimarratzen ditu. "Aspalditik datorren kontua da eskola berria egitearena", dio Albizuk. Izan ere, azken hamar urteetan "hirukoiztu" egin zaie ikasle kopurua bertan egindako etxebizitza kopurua dela-eta. "Lehen 20-22 ikasle izaten genituen eta 65 ditugu orain". Ondorioz, hiru eraikuntzatan daude banatuta, jangela kontuan hartu gabe.
Bestalde, oraingo eskolan bizi duten arriskua aipatu du. Izan ere, ikasleek kalean jolastu behar izaten dute, eta eraikin batetik bestera joateko errepidea gurutzatu behar izaten duten. "Zerbait gertatuz gero ardura gurea da", dio Albizuk kezkati. "Guk oreka eskatzen dugu egun hezitzaileoi eskatzen zaigunaren eta ordainean jasotzen dugunaren artean". Albizuk ikusten du borondate politikoa badela Eusko Jaurlaritzaren partetik. "Diru kantitate handiez hitz egiten ari gara, eta kosta egiten da hori guztia kudeatzea".
Azken urte hauetan gurasoek egindako lana azpimarratzen du zuzendariak. "Gurasoek harrotu dituzte hautsak, eta asko mugitu dira". Hamaika ekintza egin dituzte hobekuntzak eskatuz; izan ere, eskola txikiak handitzen hasiak dira.