Erabakia «herritarren borondatearen kontrakoa» dela esan dute. Bilera formal bat egiteko eskaera egin du koalizioak.
Ezohiko udalbatzarra egin zuen Zestoako udal batzordeak ekainaren 30ean, Josetxo Mendizabal (EAJ) alkatearen eta liberatuen ordainsariak erabakitzeko. Bertan, EAJk udal batzorde guztiak beregain hartzea erabaki zuen; zortzi udal batzorde izango ditu Zestoako Udalak.Zestoako EH Bilduk udalbatzarrean hartutako erabakia kritikatu du; «aldebakarreko erabakitzat» jo du batzordeen eraketa. EH Bilduren ustez, erabaki hori «herritarren borondateari muzin egitea da, eta herritarren borondatearen kontrakoa da».
EH Bilduk maiatzaren 24ko udal hauteskundeetako emaitzak ekarri ditu gogora: «Hauteskundeetan gobernatzeko aukera EAJri eman zioten herritarrek, baina oso boto gutxiko aldearekin». EAJk EH Bilduk baino 27 boto gehiago lortu zituen. EH Bilduren iritziz horrek, «boto gehien bildu dituen bigarren indarrari eskua luzatzea zekarren». EH Bilduren arabera, bi alderdien arteko bilera ofizialik egin gabe, EAJk herritarrek hauteskundeetan adierazitako borondatearen aurka egin du. Aurreko agintaldian, EAJk bi udal batzorde izan zituen beregain. «Orduan Bilduk gaur egun EAJk daukana baino gehiengo zabalagoa zeukan, zazpi zinegotzi zituen EH Bilduk eta lau EAJk. EH Bilduk oposizioari eskua luzatzea erabaki zuen, herrigintza egiteko osagai nagusia elkarlana dela sinetsita», adierazi du Zestoako EH Bilduk.
«Ardura» eske
EH Bilduk gaineratu du Mendizabalek ez dituela bete alkate kargua hartzeko garaian esandako hitzak: «Amaitu berri zena elkarlanaren agintaldia dela aipatu zuen, eta hastera zihoana ere bide horretatik eramateko asmoa azaldu zuen». Hori kontuan hartuta, hauteskunde egunetik astearteko udalbatzarrera artean EH Bildurekin bilera ofizialik egin ez izanak asko kezkatzen ditu EH Bildukoak.
Tarte honetan «arinkeriaz» jokatu izana leporatu dio Zestoako EH Bilduk EAJri, eta aurrera begira «ardura eta heldutasun maila handiagoa» eskatu diote, baita «bilera formala» egitea ere.