Rural Zombies taldea, betikotik haratago

Ana Abarisketa 2015ko uzt. 3a, 11:17

Beste musika talde batzuetako eskarmentua baliatuta sortu zuten, duela urtebete, Rural Zombies. Zestoan finkatuta, hainbat jaialditan hartu dute parte dagoeneko. Hil honetan, esaterako, Mundakan eta Biarritzen izango dira.

Luken Etxeberria, Julia Urreaga eta Manu Rodriguez. (Ana Abarisketa) Duela urtebete sortu zen Rural Zombies musika taldea. Julia Urreaga, Manu Rodriguez, Marcos Perez, Luken Etxeberria eta Aratz Etxeberria dira taldekideak. Zestoan sortua, bertan entseatzen dute. "Saiatzen gara astean behin entseatzeko gelditzen, baina batzuetan kosta egiten zaigu", aitortu du Rodriguezek. Taldekide bat madrildarra da, eta hara eta hona ibiltzen da lan kontuengatik. Talde gaztea da, baina badute eskarmetua musika munduan, izan ere, Malder taldetik datoz gehientsuenak –Aratz Etxeberriak, berriz, Gaskon taldean jotzen zuen–. Sorreraz galdetuta, musika estiloari «buelta bat» eman nahi ziotela aipatu dute. "Pixkat nazkatuta geunden, aldatzea nahi genuen", dio Rodriguezek. Eta halaxe jaio zen Rural Zombies proiektua. Gero Gaztea Maketa Lehiaketan eman zuten izena, eta huraxe izan zen zestoarren lehen kontzertua talde gisa. Grabatuta zituzten hiru kantuak aurkeztu zituzten lehiaketan. Villa de Bilbao lehiaketan eta Musiketxeak antolatzen duen txapelketan ere eman zuten izena. Azken honetan, esaterako, aurreneko bost taldeen artean gelditu ziren. Sortzen duten musika definitzeko eskatuta, pop estiloa aipatu du Rodriguezek. Elektronikoaren eta indiaren ukituak ere baditu. "Gu saiatzen gara musika tresna analogikoak erabiltzen beti", dio.

Biarritzeko Big Festivalen

Euskal Herrian eman dituzte kontzerturik gehientsuenak, baina haratago ere iritsi dira. Gijon Sound Festival-en (Asturias, Espainia) jo zuten pasa den apirilean Moby Dick eta Belako euskal taldeekin batera. Ez omen zuten denborarik izan gainerako taldeez gozatzeko, baina gustura ibili ziren. Aurrera begira, udaran, pare bat jaialditan hartuko dute parte. Hilaren 18 eta 19an ospatuko den Biarritzeko Big Festival jaildian izango dira, eta hilaren bukaeran, uztailaren 30ean, Mundakako jaialdian ere joko dute. Jaialdiaren aurreneko urtea izango da aurtengoa, eta hiru eguneko kartel potentea prestatu dute. Bertan izango dira, besteak beste, Echo & The Bunnymen, The Sonics nazioarteko taldeak eta makina bat euskal talde. Talde gaztea da Zestoakoa, baina oihartzuna ari dira izaten. "Uste dut ez garela horren kontziente; eman ditugun kontzertu guztietaz". Hogeitik gora izan dira dagoeneko. "Uste dut gainera kontzertu horietako batzuk oso toki onetan jo ditugula, jende garrantzitsuarekin", dio Urreagak. Izan ere, Najwa eta Cycle taldeekin jo dute. Pasa den urrian grabatu zuten diskoa Eñaut Gaztañagaren estudian, Zestoan bertan, eta, iraila bukaeran, urria aldean argitaratuko dute. Warner musikaetxearen babesa dute, gainera. Beraz, izango da talde zestoarraren berri aurrerantzean ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide