Zestoako EH Bildu: "Batzorde denak beregain hartuta, EAJk muzin egin dio herritarren borondateari"

Nerea Uranga 2015eko uztailaren 2a

Zestoako EH Bilduk joan den asteartean udalbatzarrean hartutako erabakiak kritikatu ditu

Joan den astearteko Zestoako ezohiko udalbatzarra (Ana Abarisketa/Hitza) Asteartean (ekainak 30) Zestoan ezohiko udalbatzarra egin zuten, udal batzordeak eta Josetxo Mendizabal (EAJ) alkatearen eta liberatuaren ordainsariak erabakitzeko. Bertan, EAJk udal batzorde guztiak beregain hartzea erabaki zuen; zortzi udal batzorde izango ditu Zestoako Udalak. Zestoako EH Bilduk udalbatzarrean hartutako erabakiak kritikatu ditu, "EAJk alde bakarreko erabakiz hartu du udal batzorde guztiak beregain hartzea". EH Bilduren ustez, erabaki hori "herritarren borondateari muzin egitea da, eta herritarren borondatearen kontrakoa da". EH Bilduk maiatzaren 24ko udal hauteskundeetako emaitzak ekarri ditu gogora: "Hauteskundeetan gobernatzeko aukera EAJri eman zioten herritarrek, baina oso boto gutxiko aldearekin". EAJk EH Bilduk baino 27 boto gehiago lortu zituen Zestoako Udalerako. EH Bilduren iritziz alde horrek, "boto gehien bildu dituen bigarren indarrari eskua luzatzea zekarren, are gehiago EH Bilduk 880 herritarren babesa lortu zuenean".

Bi aldeen arteko bilera ofizialik ez

EH Bilduren arabera, bi alderdien arteko bilera ofizialik egin gabe, EAJk herritarrek hauteskundeetan adierazitako borondatearen aurka egin du. Aurreko agintaldian, nahiz eta EH Bilduk gehiengo osoa eduki Zestoako Udalean, EAJk bi udal batzorde izan zituen beregain: Merkataritza eta Turismoa eta Ogasuna. "Orduan Bilduk gaur egun EAJk daukana baino gehiengo zabalagoa zeukan, zazpi zinegotzi zituen EH Bilduk eta lau EAJk. Ordea, EH Bilduk oposizioari eskua luzatzea erabaki zuen, herrigintza egiteko osagai nagusia elkarlana dela sinetsita", adierazi du Zestoako EH Bilduk. Josetxo Mendizabalek (EAJ) alkate kargua hartzeko garaian esandako hitzak ez dituela bete gaineratu du EH Bilduk: "Amaitu berri zena elkarlanaren agintaldia dela aipatu zuen, eta hastera zihoana ere bide horretatik eramateko asmoa azaldu zuen". Hori kontutan hartuta, hauteskunde egunetik astearteko udalbatzarrera artean EH Bildurekin bilera ofizialik egin ez izanak asko kezkatzen ditu EH Bildukoak.

"Ardura eta heldutasuna" eskatuz

Tarte honetan "arinkeriaz" jokatu izana leporatu dio Zestoako EH Bilduk EAJri, eta aurrera begira "ardura eta heldutasun maila handiagoa" eskatu diote: "Joxe Mendizabal alkateari etorkizuneko bere erabakiak sentsazioetan oinarrituta ez hartzeko eskatzen diogu. Eta, telefonoa hartu eta bilera formal batera deitu gaitzala, horretarako beti prest egongo garelako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide