Zestoako antzerki eskolako kideak, azken entseguetan.
Zestoako Antzerki Astea ospatuko dute herrian, ekainaren 29tik uztailaren 4a bitartean. Hiru antzezlan prestatu dituzte aste horretarako, eta Zestoako antzerki eskolako hiru talderen artean eramango dituzte oholtzara. Sarrerak salgai daude dagoeneko Zestoako Koiote tabernan, eta komeni da ahalik eta azkarren erostea, antzerki eskolakoen arabera, aurreko urteetan abiada handian agortu baitira. Antzerki-saio bakoitza ikusteko txartelak sei euroko prezioa dauka.
Laugarren aldiz antolatu dute antzerki astea, baina aurtengoa da ziklo luzeena. Lehen urtean, 2012an, egun bateko jaia izan zen; eta bost egunekoa, hurrengo bi urteetan. Aurtengoan, aste osoko egitaraua prestatu dute.
Hiru talderen artean prestatu dituzte obrak, Amancay Gaztañagaren zuzendaritzapean. Ekainaren 29tik uztailaren 1era komediak izango dira ikugai Zestoako kultur etxean. Anton Chejoven Hartza interpretatuko dute Inma Izetak, Juan Alberto Gaztañagak eta Ekain Ibargurenek. Oscar Wilderen Ernesto izatearen garrantzia honakoek antzeztuko dute: Andrea Arrutik, Mikel Ibargurenek, Xanti Agirrezabalak, Arantxa Rezabalek, Maider Arsuagak, Edurne Errastik, Mirari Astorkiak, Ekain Ibargurenek eta Lorea Alberdik. Uztailaren 2tik 4ra, Lukurreria, Lizunkeria eta heriotzaren erretaula esperpentoa izango da ikusgai. Hauek dira aktoreak: Ainhoa Casina, Amaia Odriozola, Maialen Kortadi, Manolo Gaztañaga, Ruben Larrañaga, Estitxu Elduaien, Maria Blanco, Ane Uria, Lorea Alberdi, Leire Egaña, Ane Arenas, Mikel Ibarguren, Andrea Arruti eta Marije Izeta.
Herrian ilusioa sortu du
Maialen Kortadi Zestoako antzerki eskolako kideak azaldu du dagoeneko sumatzen dutela antzerki giroa herrian: "Lehenagotik hasi zitzaizkigun herritarrak galdezka noiz jarriko genituen saltzen txartelak, eta horrek ilusioa sortu digu". Kortadiren arabera, "jende desberdina" gerturatu da, urtez urte antzerkiak ikustera, eta antzerki berriak ikusteko "gogoz" daude.
Kortadik azaldu duenez, Gaztañaga zuzendariak aukeratu ditu antzerkiak, eta pertsonaiak "antzezleen gogoen arabera" banatu dituzte. "Lan pila bat egin dugu urtean zehar, eta gauza polita da hori guztia zestoarrei erakusteko aukera izatea", esan du.