Ekainaren 28an egingo dute lehiaketa. Egunean bertan ere eman daiteke izena, Gurutze jubilatuen tabernan, 09:00etatik 09:30era, bost euroren truke.
Zestoako II. Argazki Rallya egingo dute ekainaren 28an, igandean. Zestoako argazki taldeak antolatu du egitasmoa, eta honakoek lagundu diote: Zestoako Udalak, Potxolo dendak, Mollergi jatetxeak, Zestoako bainuetxeak, Laiak dendak eta Gurutze jubilatuen tabernak. Izena emateko aukera irekita dago jada, eta Internet bidez egin daiteke, zestoa.argazki@gmail.com helbidera mezua bidalita. Egunean bertan ere irekiko dute izena emateko aukera, Zestoako Gurutze jubilatuen tabernan 09:00etatik 09:30era. Kamera digitala duen edonork eman dezake izena, bost euroren truke.Baldintzak
Memoria txartel hutsa eraman behar da argazki rallyra, eta beharrezkoa da argazkiak Zestoan ateratzea, herrigunean edo euzoetan. Hala ere, antoltzaileek ez dute zehaztu inolako ibilbiderik, eta beraz, guztiz librea izango da aukera. Zuri-beltzean edo koloretan atera daitezke irudiak, eta JPG formatuan gorde beharko dira lehiaketan aurkezteko.
10:00etan hasiko da proba, eta 13:00ean bukatuko da. Proba hastean emango dituzte landu beharreko gaiak antolatzaileek, eta haien bueltan aterako dituzte argazkiak herritarrek. Irudi guztiak antolatzaileen ordenagailuetan deskargatuko dituzte parte-hartzaileek, eta gehienez 36 irudi aurkez daitezke. Beraz, gehiago dituztenek ezabatu egin beharko dituzte. Argazkiak ezin dira manipulatu, eta «berezkotasuna», «sormena» eta «teknika» hartuko dituzte kontuan.
Parte-hartzaileek uztailaren 6rako aukeratu beharko dituzte lehiaketara aurkeztuko dituzten argazkiak. Horretarako, mezu bat bidali beharko dute zestoa.argazki@gmail.com helbidera, datu hauekin: parte-hartzaile zenbakia, hautatutako argazkien zenbakiak eta haien gaiak. Behin lehiaketa eginda, erakusketa bat jartzeko asmoa dute antolatzaileek. Zestoako Argazki Taldeak azaldu duenez, beraien esku geldituko dira irudien egile-eskubideak, eta haiek erabiltzeko aukera izango dute, egilearen izena aipatuta.
Zestoako Argazki Taldea Danbolinek abiarazi zuen, baina talde independetea da, gaur gaurkoz. Joan den abenduan ikastaro bat antolatu zuten herrita- rrentzat, eta haren ondoren argazkilaritza lantzeko egitaraua prestatu zuten. Egutegi horren barruan koka daiteke Zestoako II. Argazki Rallya.