Txindokira mendi irteera antolatu du Zestoako Agiro elkarteak

E. Albizu Lizaso 2015eko ekainaren 10a

Aralarko Txindoki mendira irteera antolatu dute Zestoako Agiro mendi elkarteko kideek, datorren iganderako, hilaren 14rako. Edonork har dezake parte txangoan, baina beharrezkoa da aurrez izena ematea. Osteguna baino lehen joan behar da Zestoako kirolde...

Aralarko Txindoki mendira irteera antolatu dute Zestoako Agiro mendi elkarteko kideek, datorren iganderako, hilaren 14rako. Edonork har dezake parte txangoan, baina beharrezkoa da aurrez izena ematea. Osteguna baino lehen joan behar da Zestoako kiroldegira horretarako, eta honakoak dira mendi irteeran parte hartu ahal izateko prezioak: helduek hamairu euro ordaindu beharko dituzte; eta federatuek, berriz, hamar euro. Umeen eta gaztetxoen kasuan, bost euro pagatu behar dira.

Egun osokoa da irteera, eta Larraiztik hasita egingo dute ibilbidea. Larraitz Abaltzisketako (Gipuzkoa) auzo bat da, eta hura da Txindokira abiatzeko lekurik ohikoena, mendiaren magalean dagoelako. Behin Txindokin, aukera egongo da tirolinan ere ibiltzeko.

Bestalde, guztiek izan dezaten mendi buelta egiteko aukera, ibilbide desberdinak prestatu ditu Agiro mendi elkarteak.

08:30ean dute ezarrita herritik abiatzeko ordua, eta Gurutzean bilduko dira, handik autobusa hartzeko. Jana eta edana norberak eraman beharko ditu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide