Ekainean zehar jokatuko dituzte txokoko pilota txapelketa eta pala lehiaketa Zestoan

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko ekainaren 5a

Aste honetan hasi dira partidak; gizonek txokoko txapelketa jokatuko dute eta emakumeek, berriz, paletakoa. 11 bikotek eman dute izena emakumeetan eta hamazazpik, gizonetan.

  Txokoko pilota txapelketa eta pala lehiaketa abian dira dagoeneko. Hain zuzen, aste honetan bertan hasi dira partidak jokatzen Zestoan, eta hilabete inguru iraungo dute lehiaketek. Emakumeak palaz arituko dira; eta zestoarren proba kuttunari, txokokoari, helduko diote gizonek. Txokoko txapelketan, 17 bikotek eman dute izena, eta horiekin lau multzo osatu dituzte. Hasieran, denek denen kontra jokatzea da haien asmoa; ondoren, multzo bakoitzeko bi onenekin, finalisten bi talde osatzeko. Ligaxka ekainean zehar jokatuko dute; eta uztail hasieran, finalerdia eta finala jokatuko dituzte. Ordurako bi multzo soilik egongo dira, launa bikoterekin, eta haien artean lehiatuko da garaipena. Txapelketa San Fermin ingururako bukatuko dela aurreikusi dute antolatzaileek. Pala txapelketaren kasuan, 11 bikotek eman dute izena. Bi multzotan banatu dituzte horiek, eta multzo bakoitzak bere ligaxka egingo du. Behin partidu horiek jokatuta, multzo bakoitzeko lehena eta bigarrena pasatuko dira finalerdira, eta lau bikoteen artean jokatuko dituzte azken partiduak. Hiru asteko txapelketa izango da, eta egunean pare bat proba jokatzea da antolatzaileen helburua. Datorren urterako, emakumeek ere Txokoko Pilota Txapelketan parte hartzea da zestoarren erronka. Aurten egin dute saiakera bat herriko emakumeek, baina denboraz "larri samar" ibili direla azaldu du Amaiur Aristi jokalari eta antolatzaileak: "Entrenamendu bakarra egin dugu, eta oraingoz aukera hori baztertu egin behar izan dugu". Hala ere, berriro helduko diote gaiari, zestoarrentzat "kirol berezia" delako txokokoa. Mikel Arregi Ertxin-ek ere baieztatu du hurrengo urterako "helburu bezala" jarri dutela zestoarren kirol hori emakumeengana ere zabaltzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide