Asteartean, ekainak 9, egingo da Urola Erdiko aurrekontu partehartzaileen biltzarra

Urola Kostako Hitza 2015eko ekainaren 5a

Aukeran 38 proposamen daude, 2 milioi euro erabiltzeko. Azkoitiko Elkargunean da hitzordua, 18:30ean

Bilera, Aizarnan
(Zestoarren aukera)

Aurrera doa Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako partaidetza prozesua. Aurrekontuko 2 milioi euro daude Urola Erdiko eskualdean (Zestoa, Azpeitia, Azkoitia, Beizama eta Errezil) erabiltzeko eskuragarri, eta 38 proposameneko zerrenda jarriko da mahai gainean hautatzeko. Biltzarra asteartean izango da, 18:30ean, azkoitiko Elkargunean.

Guztira 90 proposamen jaso zituen Aldundiak apirila eta maiatza bitartean, herrietan egindako bilera irekietan, postontzietan nahiz Internetez.

Proposamen guztiak aztertu eta batzuk ale batera utzi ditu Aldundiak, bi baldintza nagusiak betetzen ez zituztelako: gaia Foru Aldundiaren eskumenekoa izatea eta eskualde izaera edukitzea, hau da, herri bat baino gehiagotan garatzea. Beste kasu batzuetan proposamenak elkartu egin dituzte, gai berari buruzkoak zirelako.

Azkenean honako arlo hauetan sailkatu ditu proposamenak:

  • Berrikuntza

  • Landa garapena

  • Turismoa

  • Berdintasuna, parte hartzea, euskara eta garapenerako lankidetza
  • Gizarte politika

  • Ingurumena

  • Kirola, kultura, gazteria

  • Mugikortasuna eta bide azpiegitura

Hamar aukeratu

Proposamen guzti horietatik hamar aukeratuko dira astearteko biltzarrean eta parte hartu dezakete Zestoa, Azpeitia, Azkoitia, Beizama eta Errezilgo herritarrek. Ondoren, Foru Aldundiari hautatutako egitasmoen zerrenda bidaliko zaio, egitasmoen bideragarritasuna aztertzeko.

Proposamen guztien zerrenda ikusteko, hemen.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide