ELAk eta LABek balorazio ona egin dute TSren adjudikazioaz, eta lanean jarraituko dutela esan dute

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko mai. 28a, 13:00

Albistearen inguruko balorazioa egiteko eta ekainaren 6rako antolatu duten festaren berri emateko bildu dira sindikatuetako kideak Zestoan.

TSko langileak albistea ospatzen, gaur Zestoan (E. Albizu Lizaso) TS Fundicionesen adjudikazioa albiste "ezin hobea" dela eta "langile guztiek merezi duten lanpostua" lortu arte borrokan jarraituko dutela esan dute gaur, osteguna, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek, Zestoan. Horrez gain, adierazi dute jai bat antolatzen ari direla ekainaren 6rako, langileei, herritarrei eta erakundeei eskertzeko "bide luze" horretan eskainitako babesa. Asteartean jakinarazi zuten Gonvarri Renewable Industries enpresaren eskaintza onartu duela Pedro Malagon epaileak, 5.150.000 eurogatik, TS Fundiciones enpresa berriro martxan jartzeko, eta lantegiko sindikatu nagusiak balorazioa egiteko bildu dira Zestoan. Asier Lizaso TS Fundicioneseko langile ohien LABeko ordezkariak esan du albiste "oso pozgarria" dela lantegia Gonvarriren esku gelditzea, langileentzat zein haien familientzat. "Zestoan eta Urola Kostan beste enpresa garrantzitsu bat berreskuratuko dugu, eta industria jarduerari ezinbesteko bultzada emango dio TSk", nabarmendu du. Bestalde, Juan Diez ELAko ordezkariak azaldu du bidean zehar "ilusioa" sentitu dutela, baina "lur jota" ere egon direla langileak, prozesua "luzea eta zaila" izan delako: "Lehiaketa luzatzea ekarri dute epaitegietako burokraziak eta baliabide faltak". Hala ere, Diezen arabera, arrazoia eman diete orain: "TS bideragarria zen, eta da; eta ez zen langileen erruagatik itxi, zenbaitek salatu duten bezala". Lizasok ere nabarmendu du "oztopo" asko izan dituztela bidean, eta ez dituztela ahaztu enpresa itxi zutenak eta "inongo erantzukizunik gabe" handik atera zirenak. "Epaitegietako bidea ere gogorra izan da, luzea, askotan itxaropena galtzeko zorioan egon gara", esan du.

ELA eta LAB Elkarlanean

Azaroan sartu zen lehiaketa publikoan TS Fundiciones lantegia, baina lan gatazka lehenagokoa da. 2012ko maiatzean TSren Zestoako lantegia itxi zuten, eta 2014ko otsailean jakinarazi zuten Arroakoaren jarduna ere eten egingo zutela. Urteetako borroka izan da, beraz, TSko langileena, eta haien "batasuna" izan da aurrera egiteko "indarra", Diezen arabera. "Gure arteko diferentziak gaindituz, elkarrekin borroka egiteko gai izan gara", gehitu du Lizasok. Horrez gain, ELAko ordezkariak sindikatuen arteko elkarlana nabarmendu du, "baliabide guztiak" langileen alde jarri dituztelako, haientzat proiektu bideragarria aurkitzeko.

Ekainaren 6a

Herritarren eta erakundeen babesa eskertzeko, eta aranasa hartzeko, jaia antolatu dute bi sindikatuen artean, Zestoan. Ekainaren 6an izango da festa, eta "denen artean lortutako garaipena guztiek ospatzea" nahi dutela esan du LABeko ordezkariak: "Merezi bezala ospatu behar dugu hau, langileek merezi dutelako garaipena aitortzea, eredu ekonomikoa aurka izan duten arren". Zestoa eta Urola Kostako herritarrak izan zituzte mintzagai, eskualdeak "babes handia" eman dietelako.

Borrokan jarraituko dute

Sindikatuetako ordezkariek adierazi dute oraindik ez dela bukatu bidea: "Orain proiektu industriala martxan jarri arte, lanean jarraituko dugu, langile guztiek merezi duten lanpostua lortu arte". LABen arabera, "asko dago egiteko", baina "gogotsu" daude. ELAk ere ildo beretik hitz egin du: "Orain lan asko dugu, familia askori amaitu zaizkie langabeziko laguntzak,  baita bestelakoak ere, eta errealitatea oso gordina da". Hala ere, "irtenbidea" aurkitzeko lana egingo dutela bermatu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide