LAB: "Borroka duinak fruituak eman ditu, eta lanean jarraituko dugu"

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko maiatzaren 27a

TS Fundicioneseko langileek jaia antolatu dute (E. Albizu Lizaso) Bilera egin zuten atzo LAB sindikatuko langileek, TS Fundicionesen Arroako lantegia Gonvarri enpresak hartuko duela jakin ostean. Egoera aztertu zuten, eta hemendik aurrera jarraitu beharrezko urratsak zehazten saiatu ziren bertan. Sindikatuko kideek adierazi dutenez, ia segurua da adjudikazioarengatik ez dutela helegiterik jarriko, ez administratzaileek, ez beste enpresek. "Baliabide asko dituen enpresa da, eta horrek segurtasuna ematen digu", nabarmendu zuten. Aho batez onartu zuten guztiek "albiste oso ona" dela Gonvarrik TS Fundiciones martxan jartzearena. Epaileak "aukerarik onena" hartu duela uste dute, hasiera-hasieratik TSren alde egin duen enpresa delako Gonverri Espainiako enpresa. Nolanahi ere, LABeko ordezkariek esan dute TS Fundiciones enpresako langileen borroka "eredugarria" izan dela: "Herri mugimenduarekin lotu duzue langile mugimendua, eta hori lorpena da". Horrekin batera, nabarmendu dute langileek lortu dutela hiru enpresek "baldintza gisa onartzea" langile ohiak kontratazeko konpromisoa.

Langileen alde

Asier Lizaso TS Fundicioneseko langile ohien LABeko ordezkariak esan du argi dutela "ahal den guztia" egingo dutela langile ohiek enpresan tokia izan dezaten: "Borroka duinak fruituak eman ditu, eta lanean jarraituko dugu". LABek eta ELAk akordioa egin zuten Gonvarrirekin, eta "borroka egin duten" eta "egoera txarrenetan" dauden langileei lehentasuna ematea adostu zuten. Esate baterako, langabeziko ordainsaria bukatzen ari zaienei edo jubilazioa lortzeko behar adina urte egin ez dituztenei. Hala ere, Lizasok nabarmendu du Gonvarri izango dela kontratazioak egingo dituena: "Gu saiatuko gara lehentasunak markatzen, irizpide objektiboak jartzen eta enpresaren erabakiei jarraipena egiten, baina erabakiak Gonvarrirenak dira". Enpresako buruzagiek eta administratzaileak LAB sindikatuari azaldu diotenez, dagoeneko izapideak egiten hastekoak dira, eta beraiek ere badute interesa TS Fundiciones "ahalik eta azkarren" martxan jartzeko. Hala ere, "zaila" da kalkulatzea epe zehatza irekierarako.

Eskertza jaia

"Herriari eskerrak emateko eta borrokak emandako fruituak denen artean ospatzeko" jaia egingo dute Zestoan, ekainaren 6an, larunbatean. "Langile bezala eta kolektibo bezala" eginiko lanaren aitortza izango da festa beraientzat. Haien arabera, "babes handia" jaso dute Urola bailarako herritarrengandik, eragileengandik eta erakundeengandik. Hori dela-eta, "denak" daude gonbidatuta jaira. Lizasoren hitzetan, festa modu bat izango da "bi urte luze hauetan ondoan" izan dituztenei, babesa eskaini dietenei, eskerrak emateko; izan ere, "denen lorpena" izan da TS berriro martxan jartzearena: "Langileena, baina baita hor egon direnena ere". Goiz-eguerdi parteko jaia izango da. 11:00k inguruan txistulariak ibiliko dira herrian zehar, eta manifestazioa egingo dute 12:00etan. "Sindikatuek, gazteek eta langileek hartuko dute hitza manifestazio bukaeran", argitu dute. Ondoren, antxoa-jana egingo dute plazan, trikitilariekin eta bertsolariekin. Antxoa-janak, gainera, badu balore sinbolikoa, itxialdian Getariako arrantzale batek eman baitzien jateko arrain hori.   LABeko bilera egin dute, Gonvarrik enpresa hartu ostean (E. Albizu Lizaso)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide