Gonvarri enpresaren eskaintza onartu du Pedro Malagon epaileak, 5 milioi eurorengatik, TS Fundiciones martxan jartzeko. Euskapital Partners-ek, berriz, 4.100.000 euro eskaini ditu lantegiarengatik. Gaur bertan ireki ditu epaileak bi enpresek eginiko eskaintzak. Joan den astean erabaki zuen eskaintza ekonomiko onena egiten zionari salduko ziotela Arroako lantegia, biek zituztelako plan bideragarriak eta langile ohiak hartzeko konpromisoa.
LAB: "Denentzat ona"
Asier Lizaso TS Fundicioneseko langile ohien LABeko ordezkariak esan du "denentzat ona" den erabakia izan dela epailearena: "Behingoz erakutsi dugu gure enpresa benetan bideragarria dela, benetan balio duela TS Fundicionesek; bestela, nola jar daitezke bost milioi euro?". Gonvarri da LABeko ordezkarien hitzetan aukera onena: "Plan bideragarria zuen, oso ona, eta langile ohiak hartzeko konpromiso osoa hartu zuen".
Denentzat dituzte eskerrak TS Fundicioneseko langileek: "Eskerrak herritar guztiei, Urola Kostako jendeari, erakutsi diguten babesarengatik. Babestu egin gaituzte, eta gure ekimen guztietan parte hartu dute". Lizasoren arabera, "gogorra eta luzea" izan da bidea, baina "denek irabazi" dute, eta fruituak "merezi" izan du. Oraindik saiatuko dira Zestoako lantegiari irtenbide bat aurkitzen, "ea hori erostea ere posible den", azaldu du.
Erakundeen aldetik ere "sekulako bultzada" jaso dutela nabarmendu du LABeko ordezkariak. Gipuzkoako Foru Aldundia aipatu du, baita eskualdeko udalak ere: "Zestoakoa, Azpeitiakoa, Zumaiakoa eta beste asko, hor egon dira beti laguntzen". Eusko Jaurlaritzaren aldetik, babesik sentitu ez dutela esan du, baina "benetan eskerrak" eman dizkie eskualdeko eta herrialdeko erakundeei.
Bestalde, LAB sindikatuak, ohar bidez, honakoa adierazi du: "Gogoratu nahi dugu, langileen ekimenari esker, Gonvarri Renewable Industries-k konpromisoa hartua duela bere eskaintzan lehenagoko langileak kontratazteko eta Gipuzkoako Metalgintzako hitzarmena erreferntzia moduan hartzeko. LABek akordioa bete dadin bermatzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du.
Sindikatuaren arabera, "Zestoako herriarentzat, eta Urola Kosta eskualdearentzat albiste ezinhobea" da. "Frogatzen du langile borrokak gaindiezinak diren mugak gaindi ditzakeela", adierazi dute.
Hala ere, nabarmendu dute hori ez dela "zerutik erori": "Oztopoak oztopo, langileek egindako mobilizazioak, alor juridikoan eginiko lanak eta Zestoako herriaren zein Urola Kostako bailararen elkartasunak egin du guzti hau posible".
ELA: "Albiste pozgarria"
ELAk, ohar bidez, esan du "oso pozgarria" dela albistea langileentzat eta beraien familientzat; horrez gain, nabarmendu du "aktibitate industrialari sekulako bultzada" emango diola TS Fundicionesen irekierak. "Langileek eginiko borrokarengatik" bihurtu da egi enpresa martxan jartzea, ELAren arabera. LABek bezala, ELAk ere herritarren elkartasuna eta babesa eskertu ditu. Haien arabera, gaurtik aurrera hasiko dira lanean, ahalik eta azkarren lantegia irekitzeko.
Juan Diez TSko langile ohien ELAko ordezkaria oso pozik dago berriarekin: “Gustura, oso gustura gaude berriarekin. Gustura, talde industrial bat delako TS hartuko duena, eta gustura urtebete eta gero, TS hartzeko bost milioi euro jartzeko prest dagoen enpresa bat dagoelako. Horrek, TS ixteko garaian guk esandakoari arrazoia ematen dio, hau da: etorkizuna eta bideragarria zen enpresa bat zela esaten genuen langileok, eta orain horrelaxe dela ikusi da. Arrazoia genuela, alegia”
Langileez gain herria ere poztuko dela uste du Diezek: “TSko langileok bakarrik ez, Zestoako herri osoa eta Urola bailara ere poztuko dira berri honekin”. Zestoako lantegiaren aldeko apustua egiten segituko duela ere gaineratu du: "Pena bakarra daukagu, Arroako lantegia hartuko du, baina Zestoakoarekin zer gertatuko den ikusteko dago. Eta guk Zestoakoaren aldeko apustua ere egiten dugu, eta egin nahi dugu".
Herritarrekin ospatuko dutela ere aurreratu du: “Pozik gaude, poz-pozik lan mundura itzultzeko aukera daukagulako. Gure poz hori Zestoako herriarekin batera ospatu nahi dugu, eta zerbait antolatuko dugu horretarako”. "Azkue y Cia ireki da, orain TS; eta ea Gallardokoa den hurrengoa, hori da gure nahia", esan du Diezek.