Normaltasuna nagusi hauteslekuetan

Onintza Lete Arrieta 2015eko maiatzaren 24a

Orioko Kultur Etxea, bozkalekua zabaldu eta gutxira (Onintza Lete Arrieta/Hitza) 09:00etarako goiztiarrenak gerturatu dira hauteslekuetara, botoa hautetsontzian sartzeko. Ez da arazo berezirik sortu  eskualdean. Orioko Kultur Etxean, esaterako, mahaiko lehendakariak pixka bat itxoiteko esan behar izan dio aurrena iritsi den herritarrari. Segundo batzuk egon, eta orduan bai, 09:00ak jo ondoren, botoa eman ahal izan du. Adineko gizonezko bat izan da. Harekin pare-parean, gazte bat, hura ere gizonezkoa. Tantaka-tantaka, baina etenik gabe sartu dira Kultur Etxera hautesleak. Minutu batzuk pasa ondoren, makalago hasi da jendea iristen. Aian ere jendea 09:00etarako botoa emateko zain zegoen, eta auzoetatik herrigunera etorri behar izaten dutenez, aparkalekuak ere bete egin dira. Baita tabernak ere, eguerdi parterako. Hautesle batek min hartu du Zestoan Zestoan aurten mahai bat gehiago jarri dute herriguneko hauteslekuan, Kultur Etxean. Hiru mahai daude aurtengoan. Hantxe gertatu da eguneko ezbehar bakarrenetakoa. Izan ere, adineko pertsona bat zauritu da botoa ematera zihoanean. Lekukoek HITZAri azaldu diotenez, 09:30ak aldera sarerrako aldapatxoan irrist egin eta orkatilean min hartu du, eta anbulantzian eraman dute. Hautetsontzia Ikastola kanpora atera dute Orion Orion, berriz, atzo min hartu zuen lagun batek botoa eman ahal izateko, hautetsontzia mugitu dute tokiz. Ikastola kanpora atera dute, berak mugitzeko ezintasuna baitzuen. 1981etik hauteskunde guztietan laguntzen Joxemari dabil Orion Kultur Etxeko mahaiko kideei laguntza ematen. Udaletxeko langilea da, eta HITZAri kontatu dio 1981.urtetik hauteskunde guztietan ibiltzen dela laguntzen. Azaldu du Orion behintzat mahai guztietan udaleko langileren bat aritzen dela halako lanetan. 09:3oerako Kultur Etxetik udaletxera zihoan. Atzerritarren bi zerrenda dituzte, eta zalantza argitu nahi zuen horren berri Hauteskunde Batzordeari nola eman behar zaion gero. "Azken hiru hauteskundeetan telefonoz eman dizkiegu emaitzak Hauteskunde Batzordeari. Kode batzuk daude, eta dena ondo egiten dela ziurtatzeko simulakroa ere egin dugu egun batzuk lehenago". Bitxikeria bezala, esan du emaitzak telefonoz eman zituzten lehen aldian telefonoa batzordekoek beraiek eman zietela. "Sakeleko telefono handi bat ekarri ziguten, guk handik dei genezan emaitzak emateko". Bestelako lanak ere tokatu zaizkio Joxemariri. Pare batek botoa eman dutenerako, mahaiko ordezkariek tipex-a eskatu eskatu diote, akatsen bat egin dutelako. "Normaltasunaren barruan joaten da dena", esan du hala ere. "Behin alderdi baten boto paperak falta ziren, eta hasieran ez ginen konturatu, baina apoderatuek laster esan ziguten". Ikusi hautesle zerrenda guztiak, herriz herri eta alderdiz alderdi. Hautesle oriotarrak Kultur Etxera sartzen

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide