Hamar puntutan azaldu du Zestoako EAJk bere programa

Urola Kostako Hitza 2015eko maiatzaren 22a

Josetxo Mendizabal Zestoako EAJko alkategaiak udal hauteskundeetako programa aurkeztu du, eta hamar puntutan banatu ditu talde politikoaren lehentasunak. Haien artean, Osinbeltz geldiaraztea nabarmendu du, eta esan du "lehentasun osoa" emango diotela Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitasmoa bertan behera uzteari. Zaborrei dagokionez, azaldu du "gaikako bilketa sistema" mantenduko dutela, kudeaketa "ekonomikoagoa, iraurkorragoa eta erosoagoa" delako. "Ekonomiaren sustapena" ere beraien lehentasunetakoa da. Hori dela-eta, Zestoako  ordenantza fiskalak aztertzea proposatu du "diru-sarrerak gutxitu gabe" eta aurrekontuen sail batzuk "moldatuta". Bestalde, herriko merkatari elkartearekin udalak duen harremana "indartu" egingo duela esan du: "Ostalaritzarekin, merkataritzarekin  eta dauden turismo eragileekin osatutako lan mahaia bultzatuko dugu". Auzoei dagokionez, Mendizabalek esan du Arrobean eskola jartzeko prozesuaren "gainean" egongo dela. Horrez gain, ingurua berrantolatzea proposatu du, hirigintzan oinarrituta. Bestalde, EAJko zerrendaburuak esan du auzoetako ordezkariez osatutako batzorde bat eratuko duela: “Guzti hori modu egokian egiteko, herritarren parte hartzea arautuko duen ordenantza osatuko dugu”, gaineratu du. Gizarte zerbitzuak bermatzeko, behar diren diru-kopuruak mantentzearen alde agertu da, eta erakunde eta elkarteekin elkarlanean "gizarte zerbitzuen mapa" berria ezarriko duela esan du. Amaitzeko, proposatu du "aisialdiko gune" bilakatzea futbol zelai zaharra. Horrekin, "kirolen dibertsifikazioari" egin nahi dio Mendizabalek ekarpena. Zumaiara doan "bide berdea" garatzea eta baserrietako bide publikoen mantenua ere aipatu ditu EAJko alkategaiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide