IV. Ekainfest jaia antolatu dute Zestoan ekainaren 13rako; eta, harekin batera, historiaurreko olinpiadak jokatuko dituzte herrian bigarrenez. Dagoeneko izena eman daiteke kirol proban, Ekainberriko bulegoarekin harremanetan jarrita. Horretarako, 943-86 88 11 zenbakira dei daiteke, edo
info@ekainberri.com helbide elektronikora mezua bidali. Antolatzaileek azaldu dutenez, "komenigarria" da ahalik azkarren izena ematea, parte har dezaketen taldeen kopurua mugatua delako.
Lau, bost edo sei laguneko taldeek eman dezakete izena lehiaketa horretan, eta 16 urtetik gorako edonork har dezake parte txapelketan. Oraindik probak zehaztu ez badituzte ere, Ekainberriko ordezkariek azaldu dute "historiaurreko bizimoduarekin" egongo direla lotuta, joan den urtean bezala; esate baterako, ehizatzeko abileziak neurtuko dituzte olinpiadetan.
Egitarau oparoa
Historiaurreko testuingurura bidaiatuko du ekainaren 13an Zestoak, eta egitarau anitza prestatzen ari dira herritarrak. Gainera, erakunde, eragile eta merkatarien artean antolatzen ari dira jaia: Zestoako Udala, Ekainberri, Lili Jauregia, Sastarrain baserri eskola, bainuetxea, Zestoako tabernariak eta Zestoako interpretazio eskola ari dira elkarlanean.
Haurrentzat, Irrien Lagunak ikuskizuna eta pottoketan ibilaldiak egongo dituzte. Horrez gain, Ekainberrin tailerrak egiteko aukera izango dute: sua egiten ikasteko, Ekaingo zaldia marrazteko eta historiaurreko ehizatzeko modua ezagutzeko. Helduentzat ere egongo da zer egina; izan ere, historiaurreko gastronomia dastatu eta orein errea bazkaltzeko aukera jarriko dute. Zestoako interpretazio eskolak ere, ikuskizun berezia eskainiko du: Suaren etorrera.
Sariak
Tribu irabazlea. Urrezko domina, 600 euro eta zirkuitu termala Zestoako bainuetxean.
Bigarren tribua. Zilarrezko domina, 350 euro eta asteburua landa turismo batean.
Hirugarren tribua. Brontzezko domina, 150 euro dirutan eta afari bat Zestoan.
Laugarren tribua. Oparia eta Ekainberrira bisita, bertako ekintzekin.
Bosgarren tribua. Oparia, bi orduko paseoa zaldian eta mokadua.
Seigarren tribua. Oparia eta espeologia saioa Ekain2n. Gainontzeko tribuak. Opariak.