2015eko aurrekontuak onartu dituzte Zestoan bi alderdien adostasunarekin

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko maiatzaren 14a

Udalaren zorra jaistea lortu dutela nabarmendu du Leire Etxeberria alkateak; milioi bat eurotan jaitsi dute zorra. Hirigintzara bideratu dute diru partida nabarmenena.Aho batez onartu ditu Zestoako Udalak 2015eko aurrekontuak, pasa den ostegunean. 4,6 ...

Udalaren zorra jaistea lortu dutela nabarmendu du Leire Etxeberria alkateak; milioi bat eurotan jaitsi dute zorra. Hirigintzara bideratu dute diru partida nabarmenena.

Aho batez onartu ditu Zestoako Udalak 2015eko aurrekontuak, pasa den ostegunean. 4,6 milioi euroko aurrekontua onartu dute EH Bilduk eta EAJk, eta hirigintzarako erabiliko dute diru partida handiena.

Inbertsio esanguratsuenen artean aipatu du Leire Etxeberria alkateak Iraetako Olaizola eta Uria kalekoa. 217.000 euro inguru bideratu dituzte lan horiek egitera. Etxeberriaren arabera, 2014an hasi ziren obrak, baina 2015ean egin dute lanik esanguratsuena. Bestalde, Idiazpi auzoko irisgarritasuna hobetzea lehenetsi dute. Arrapala jarriko dute, adineko pertsonek eremu horretan dituzten arazoak leuntzeko.

Kaleko obrez gain, eskoletara ere bideratu dute aurrekontuko dirua. Batetik, Zestoako Herri Eskolako patioko lurra berrituko dute: «Lija modukoa da eskolako lurra, eta ez da oso egokia haurrentzat, beharrezkoa zen hor lanak egitea». Arroabeko eta Aizarnako eskoletan ere aldaketak egingo dituzte. Arroabean, adibidez, parkeko lurra konponduko dute. Eskolaz kanpo ere aurreikusi dute gaztetxoenentzat baliabideak hobetzea: Zestoako parkea «erabat» berrituko dute. Izan ere, Etxeberriaren ustez, «premia handia» du. Auzoekin jarraituta, udalak Lasaoko elkartean ere zenbait obra egingo ditu, Azpeitiko Udalarekin batera. Baserri bideak konpondu eta txukuntzeko ere erabiliko dute aurrekontuetako dirua.

Zorra kitatzen

Zestoako alkateak nabarmendu du 2011ko udal gobernuak hartu zuen zorra berdintzen ari direla agintaldi honetan. Hain zuzen, 1,8 milioiko zorra zuen Zestoako Udalak, eta milioi batean jaitsi du hura. Horrez gain, alkateak nabarmendu du milioi bateko soberakinak utziko dituztela urtea bukatzeko.

Etxeberriaren hitzetan, horretarako batzordeetan %15eko murrizketak egin behar izan zituzten agitaldi hasieran; baina, batik bat, «maileguak ez eskatzeagatik» aurreztu dute dirua erakundean.

Aurrekontuetako ohiko inbertsioetatik at, berrikuntza gisa, aurtengoan, kultur eta kirol elkarteentzat diru laguntzak bideratu dituzte. Horrez gain, ingurumenari begira, mendi bideak markatu eta «osasun bideak» egin dituzte, hau da, aire librean adinekoek ariketak egin ditzaten pedalak eta horrelako baliabideak jarri dituzte.

Esate baterako, kiroldegi azpian, San Juango parkean, Iraetan eta Zubimusun daude halakoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide