"Herritarrei eman eta herritarrengandik jaso da arlo guztietarako dugun helburua"

Nerea Uranga 2015eko maiatzaren 8a

Mikel Arregi 'Ertxin' EH Bilduren Zestoako alkategaia da

Mikel Arregi 'Ertxin' EH Bilduren Zestoako alkategaia (Nerea Uranga). Zestoako EH Bilduren alkategaia da Mikel Arregi Ertxin (Zestoa, 1968). Herriko kudeaketan herritarrek parte hartzea da koalizioan nabarmentzen duten oinarri nagusietako bat, eta hori ahalbidetzeko bideak jartzea dute asmoa. Zestoarako zeintzuk dituzue oinarrizko lehentasunak? Lehentasunetako bat sozioekonomia da. Krisiak herritar asko oinarrizko beharretara iristeko zailtasunekin utzi ditu. Herri batek, nahiz eta herri txikia izan, kalte horiek ahalik eta gehiena leuntzeko baiabideak jarri behar ditu. Gipuzkoa da murrizketarik ezarri ez duen lurraldea, eta zerbitzu sozialak mantendu egin ditu, eta Zestoan ere saiakera berezia egin da. Horrez gain, herriaren indarguneak aztertu behar dira, eta diagnostiko bat egin. Puntu indartsuak aztertu eta enplegua sustatzeko zer ahalmen dauden ere ikusi beharko dugu. Gainbehera batzuk izan ditugu, esaterako industrian itxiera bat egon da; orain badirudi aukera batzuk daudela TS irekitzeko, eta ea laster berri onak ditugun. Herritarren parte hartzeari ere garrantzia eman diozue. Datorren agintaldian gobernuan egonez gero, ezinbestean, gestio publikoan herritarren parte hartzea bermatzen saiatu behar dugu. Udalak dira herritarrengandik gertuen dauden instituzioak, eta herritarrek parte hartzeko eskubide guztia eta beharra daukate, eta horretarako neurriak jarri behar dira. Guk, demokrazia parte-hartzailean sinesten dugulako, neurriak hartuko ditugu. Parte hartzea sustatzeko hainbat arlotan mahaiak sortzea ere proposatu duzue. Bai, hori da. Sozioekonomian  neurri zehatzetara joanda, aholku batzorde bat sortu nahi dugu. Kultur arloan ere, herriko kultur agenda osatu eta garatzeko mahai bat proposatzen da. Zentzu horretan, orain arte kultur arloan funtzionatu da gehien. Kirol aldetik ere mahai bat sortu nahi da: kirol eragileekin eta kirol azpiegiturak erabiltzen dituztenekin; guraso elkartea eta auzoetako ordezkaritzarekin. Herritarrei eman eta herritarrengandik jaso nahi da, eta filosofia hori arlo guztietan jarri behar da. Zestoak auzo asko ditu, alde horretatik zein da zuen asmoa? Zestoak badu berezitasun hori ere. Jende gehien herrigunean bizi da, baina ia %40 auzoetan. Hori kopuru handia da, eta aitortu behar da askotan kopuru hori aintzat hartuta, auzoek beharko luketen botere hori ez dela gehiegi isladatzen. Gure asmoa auzo kontseilu bat sortzea da, auzo denek parte hartuz. Hala, zuzenean udalari eskariak egin eta aholkatuko lukete, ezinbestekoa delako. Hondakinen bilketan herrian aldaketa eman da. Bide horretan segitzeko asmoa al duzue? Noski, orain dela lau urte ere esan zen. Hondakinak guk sortzen ditugu, eta hondakinei irtenbide duin bat ematea ere guri dagokigu. Eta hor, jakina da atez atekoak eman dituela emaitza onenak diferentzia handiarekin; gustatu ala ez gustatu. Edukiontzien sistema dutenetan ikusi besterik ez dago zein tasa dituzten. Zestoan sistema bat jarri zen, eta EAJrekin adostasunera iritsita. Ez da sistema klasikoa, baina emaitzak hor daude: %80ko birziklatze tasetan gabiltza. Egia da hobetu behar dela eta helburuak Zero Zabor izan behar du. Auzo konpostarekin ere emaitza politak lortu dira, herritar asko ahalegin handia egiten ari dira-eta. Hondakinekin lotuta, Osinbeltzen biltegiaren gaia ere mahai gainean dago. Zestoan EH Bilduk herritarrentzako, herriarentzako eta ingurumenarentzako kaltegarria den zerbaiten alde egingo duela inork uste baldin badu, hor bi gauza ditugu esateko: oso oker daudela, eta ez gaituztela ondo ezagutzen. EH Bilduk eta ezker abertzaleak gauza asko eta beste eremu askotan ez zituen ondo egingo, baina gure ibilbideari  begiratuta, ingurumenaren inguruan edukitako jarrerak sinesgarritasuna merezi du. Herri honetan parte hartze prozesu bat egon da, aditu askok parte hartuz. Horien arabera, proiektua benetan iraunkorra izango da. Orduan, herriari eta udalari tokatzen zaiena da berme guztiak jartzea. Nagusiena herri galdeketa da. Egingo da, eta herritarrek erabakiko dute. Noski, egia da, kontu honen guztiaren eszenaratzea ez zela egokia izan. Hor ere norbaitek autokritika egin beharko luke, eta aldundiari dagokio. Beste era batera izan balitz, agian orain jende batek daukan ikusmoldea desberdina litzateke. Bestetik, EAJk hasieratik kontu honetaz ez du ezer jakin nahi izan, eta erabat aparte egon da; udalak sortutako jarraipen batzordean ere ez du parte hartu. Proiektu iraunkor bat bada, eta berme guztiak betetzeko modukoa, horren hobari ekonomikoa ere kontuan hartu behar da, eta Zestoa bezalako herri batentzat horrek suposatuko lukeen hobari ekonomikoa ikaragarria litzateke. Hasieratik besterik gabe ezin da baztertu, aztertzea merezi duen gai bat da. Nolako Zestoa nahi du EH Bilduk? Herritar aktiboen Zestoa bat gustatuko litzaidake. Jendeak bertako gestio publikoan parte hartzeko aukera izango lukeen Zestoa bat. Horrez gain, bai hondakinekin, bai gainontzeko alor guztietan, benetan ingurumenaren alde egingo lukeen Zestoa bat, eta bertako herritarrak ahalik eta bizi kalitate onenarekin biziko liratekeen Zestoa bat. Oso eremu aberatsean gaude, eta baldintzak baditugu, benetan Zestoan bizi kalitate on batekin bizi ahal izateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide