2011ko udal hauteskundeetan bezalaxe, oraingoetan ere EAJren Zestoarako alkategaia da Josetxo Mendizabal (Arroa Behea, Zestoa, 1955). Turismo arloan lan eginez, herriarentzako etekina atera daitekeela sinesten du, eta horretarako herriaren «aurpegi garbiketa» egin behar dela uste du.
Nolatan animatu zara berriro EAJtik Zestoako alkategai aurkeztera?
Bi gauzak animatu naute: batetik, agintaldi honetan izan dugun giroak. Gure kasua oso arraroa izan da Gipuzkoan, Bilduk gehiengo absolutua izanda, udalean sail bat eskaini, eta onartu egin genuen. Era berean, gobernua eta oposizioa izan gara. Hori herriarentzat oso interesgarria izan da, emaitza batzuk izan ditugulako eta geure arteko giroa ona izan delako. Bestetik, proiektu batzuk abian daude, eta horiek segitzeko animatu naiz.
EAJk zein lehentasun ditu Zestoarako?
Guretzako bi parte inportante daude. Batetik, Zestoako herriguneari aurpegi garbiketa bat ematea, kanpotarrentzako erakargarriagoa egiteko, turismoarekin lotuta. Urola bailararako sarrerako atea gara, eta txukun edukitzea, erakargarria egitea eta era berean kanporako marketina egitea dira asmoak. Azkenean, turismo zirkuituetan gure herria erakargarri izan dadin. Auzoei begira, Arroa Behean hirigintzarako proiektua geldirik dago krisiagatik, eta gune hori txukuntzea da asmoa.
Turismoa aipatu duzu, Osinbeltzerako diputazioak proposatu duen biltegia kalterako izango dela esan duzue.
Gu hasieratik horren kontra azaldu gara, baina Bilduren zaborraren sisteman sartu gabe. Proiektu horrek guri interesik ez digu ematen, guk beste proiektu bat nahi dugu. Horregatik, hor botako dena bizigabea den edo ez eztabaidan ez gara sartu. Bestetik, turismoarekin pixka bat bateraezina da, Danbolin Zuloko kobak ere hor inguruan daude-eta. Gure beldurra da Zestoa hondakinekin lotuko dela, eta gero kanpora begira saltzea gehiago kostatuko zaigula.
Eta zein da Osinbeltzerako zuen proiektua?
Herriari etekina emango dioten eta epe motzean egin daitezkeen proiektuak dira guk nahi ditugunak: herriarekin, historiarekin, kulturarekin lotutakoak.
Gipuzkoan errauste planta defendatzen ari da EAJ. Zestoan herri galdeketa batean ezezkoa atera zen.
Herrian atez atekoaren inguruko eztabaida hasi zenean, pertsona batek planteamendu garbi bat emateko eskatu zidan plenoan. Orduan, edukiontziekin geunden, baina herrian ez zegoen bosgarren edukiontzirik eta auzo batzutan laugarrenik ere ez. Gure asmoa edukiontziekin segitu eta falta zirenak osatzea zen. Horrez gain, jendea zaborra sailkatuta botatzeko kontzientziatzeko kanpaina batzuk egitea, eta bukaera errauste plantaren bidez ematea. Gure planteamendua hori da.
Hondakinak biltzeko sistema aldatu egin da Zestoan, eta emaitza onak daude.
Hemen gauzak argi esan behar dira, eta zaborra sailkatuta jasotzearen datua eta birziklatzen denarena ez dira berdinak. %80 bereiztuta jasotzen da, baina beste datu bat da zenbat birziklatzen den. Guk akordioa egin genuen herrian saltsarik ez genuelako nahi. Gutxienekoa ginen, eta Zestoan atez atekoa onartuta zegoen, guk pixka bat lortu genuena posteen sistema ez ezartzea izan zen. Baina, kexa asko daude. Horregatik, guk oraingo sistema hiru oinarrirekin berriro aztertzea proposatu dugu: bereizita jasotzen segitzea; ordu aldetik eta askatasun gehiago izatea; eta, ekonomia. Aurten askoz gehiago kostatu zaigu zaborra jasotzea. Ikusten dugu sistema baino garrantzitsuagoa dela pertsonaren portaera.
Oposizioan egon da EAJ, baina turismo eta merkataritzako sailburu izan zara. Lanerako askatasuna izan al duzu?
Bai, nahiko askatasun eduki dut. Zestoako Udalean sail sortuberria da, beraz esperientzia gutxi genuen, eta aurrekontua ere justu samarra. Turismorako eskaintza indartsua dugu, baina agente desberdinak koordinatzea falta da. Hor Iraurgi Berritzen-eko parte izatea ezinbestekoa da.
Eta merkataritza aldetik?
Merkatariekin ari gara bilerak egiten, eta ostalaritzakoekin orain hasi gara. Denda eta zerbitzu berri batzuk ireki dira. Baina, gure asmoa kanpotik datorren jendea, herri ingurura murgiltzea da.
TS enpresa itxi da. Orain lantegia bateren batek hartuko ote duen daude, horren inguruan zer diozue?
Ditudan azken berriak ez dira oso onak. Erosle batzuekin hor prozesu bat dago. Baina ematen zuen bezain azkar ez doa, eta azken orduko beste oztopo batzuk sortu direla entzun dut. Arlo judizialetik doa, eta justu zertan dagoen ez dakit, ezta zer gertatuko den ere. Egia da eragina izan duela, baita herriko bizitzan ere, tentsio batzuk sortu direlako.
Nolako Zestoa nahiko zenuke?
Uste dut dezenteko pausoa eman dugula kaleko giroan; goitik, EAJren eta Bilduren artean normalizazio giro on bat helarazten saiatu gara, alderditik alderdirako tentsioa alde batera utzita. Elkarlanean ondo ibili gara, elkarbizitzaren pedagogia egiten saiatuz. Gure taldearen ideia Zestoaren alde lan egitea da. Guk zer Zestoa ikusten dugun? Ehun urte atzera ez dugu egingo, baina badugu kanpoko jendea herrian hartzeko esperientzia, egun turismoa dena. Ditugun indargune horiei etekin ekonomiko handia atera diezaiokegula jakitun izan behar dugu. Edukia badugu: 200 baserri inguru; TS kenduta Sansinenea industrialdea ia beteta dago, orain enpresa berri batekin...