Zestoarron Aukera Osinbeltzen parte hartze prozesuaren lehen faseko ondorioak aurkeztu dituzte. Fink-en arabera, herritarren beharrak asetu beharko ditu harrobiak
Amaitu da Osinbeltzeko parte hartze prozesuaren lehenengo fasea, eta herritarrei haren ondorioen berri eman zieten herenegun Leire Etxeberria Zestoako alkateak, Arantza Ruiz de Larrinaga Gipuzkoako Herritarren Partaidetzarako zuzendariak eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakariak. Peter Fink paisaje arkitektoak, berriz, bileretatik jasotako ekarpenekin prestatutako metodologia dekalogoa aurkeztu zuen: «Etxea mantentuz, kanpora ateratzeko tresna izan behar du harrobiak», esan zuen.Zestoarron Aukera prozesuaren lehenengo fasean 17 ekintza egin dituzte, eta 190 lagun inguruk hartu dute parte. Besteak beste, hitz egin dute hamabost urte barru irudikatzen duten Zestoaz, eta gehienek proposatu dute Zestoa «bizia», «natura babesten duena», «ekologikoa», «herri txiki euskalduna», «nortasuna eta kultura zaintzen duena», «ekonomia maila orekatua» duena. Adin guztietako herritarrak bertan geratu eta bizitzeko moduko herria ere nahi dute, eta bereziki gazteei «lan egiteko aukera ematen diena», eta lan baldintzei dagokienez «berdintasuna» zaintzen duena.
Udalak aldundiarekin eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioarekin lotuko dituen bermeak ere jorratu dituzte, eta hainbat irizpide zehaztu dituzte. Hala nola, hauteskundeen emaitzek proiektuan eraginik ez izatea eta hasieratik «irizpide zorrotz eta berme berdinak» egotea eskatu dute bertaratu direnek; hala, osasunari kalterik ez egitea, segurtasuna bermatzea, hondakin guztiak geldoak izatea, iragaitza izatea, urak kontrolatzea, harrobiaren karga zaintzea eta udalak harrobiko jarduera fiskalizatzeko ardura izatea eskatu dute. Era berean, herritarrekin osatutako jarraipen mahai «indartsua» eratzea ere galdegin dute, informazioa «gardentasunez» emateko. Hori guztia hala izan ezean, proiektua geldiaraztea eskatu dute.
Igerileku bat harrobian?
Harrobia berreskuratzeko proiektuez hitz egitean, askotariko ekarpenak egin dituzte herritarrek, eta Finkek horietako batzuk txertatu ditu bere proposamenean. Honen arabera, herritarren beharrak asetu behar ditu harrobiak, eta inguruko paisaiarekin bat egin behar du. «Eremu ekologiko bat sortu daiteke». Finkek azpimarratu du bailarak dagoeneko «turismo ekologikoaren garrantzia» duela, eta harrobiak aire libreko aisialdirako aukera ematen duela. «Euskal nortasuna ospatzeko, kontzertuetarako nahiz igerilekuak egiteko aproposa» dela deritzo. «Gazteen beharrak asetzeko aukera ematen du».
Hain zuzen, munduko hainbat herrialdetan egindako proiektuak azaldu zituen. Besteak beste, lakuekin nekazaritzako, kontzertuetako eta sormenerako guneekin berreskuratu dituzte kareharrizko harrobiak, eta Osinbeltzen kasuan, sarbidea ibilgailuentzako prestatu behar dela azpimarratu zuen. «Ondo dago besteak ikustea, baina errepikatu gabe. Eginda daudenak baino hobeak egiteko erronka du Zestoak».
Finken ustez, harrobiak urteetan «ingurumenari egindako kaltea» konpondu nahi du biltegiak; «inpaktu ekonomiko handia lor daiteke, eta barne inbertsiorako aukera handia ematen du». Horretarako, iragazpen sistema berezia diseinatu beharko da, eta «segurua» eta «iraunkorra» izan beharko du. Halako hainbat adibide badaudela adierazi zuen. «Alemanian badago antzeko baldintzak dituen hondakinen biltegi bat; alboan ditu bainuetxea eta ibaia. Drainatze sistema indartsua egin dute. 4,3 milioi harri atera zituzten, eta kalitate handiko zabortegi teknikoa lortu dute, 20 urtetarako».
Bigarren fasea, uda eta gero
Azaroan, herritarrek posizionatu egin beharko dute, eta horretarako, uda ondoren bigarren fasea hasiko dute. Aurrez proposatutako proiektu baten inguruan informatzeko eta eztabaidarako tartea zabalduko dute, eta horretarako bilerak eta mahai inguruak egingo dituzte.
Lehen fasean, arte plastikoko lehiaketa bat ere egin dute, eta Herritarren Saria Gotzon Lizasoren Paisaiari so eta Osinbeltz rap lanak irabazi du, eta Epaimahaiaren Saria, Oier Arregiren Hamabost urteko ametsa-rentzat izan da. Bestetik, udalak jakinarazi du lehen faseko ondorio nagusien inguruko eskuorriak jarriko dituela udaletxean herritarrentzat eskuragarri.