Fink, atzo, azalpenak ematen
(Ane Olaizola)
Amaitu da Osinbeltzeko parte hartze prozesuaren lehenengo fasea, eta herritarrei haren ondorioen berri eman zieten atzo iluntzean Leire Etxeberria Zestoako alkateak, Arantza Ruiz de Larrinaga Gipuzkoako Herritarren Partaidetzarako Zuzendariak Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakariak eta prozesua kudeatzen duen Nola kooperatibako kideek. Peter Fink paisaje arkitektoak, berriz, bileretatik jasotako ekarpenekin prestatutako metodologia dekalogoa aurkeztu zuen: "Etxea mantentuz, kanpora ateratzeko tresna izan behar du harrobiak", esan zuen.
Zestoarron aukera prozesuaren lehenengo fasean 17 ekintza egin dituzte, eta guztira 190 lagun inguruk hartu dute parte. Besteak beste, hamabost urte barru nolako Zestoa irudikatzen duten hitz egin dute, eta gehienek Zestoa "bizia", "natura babesten duena", "ekologikoa", "herri txiki euskalduna", nortasuna eta kultura zaintzen duena, "ekonomia mailan orekatua" duena proposatu dute. Adin guztietako herritarrak bertan geratu eta bizitzeko moduko herria ere nahi dute, eta bereziki gazteei "lan egiteko aukera ematen diena", eta lan baldintzei dagokionez "berdintasuna" zaintzen duena.
Udalak aldundiari eta GHK-ri eskatu behar lizkion bermeak ere jorratu dituzte herritarrek, eta horiek hainbat irizpide zehaztu dituzte. Hala nola, hauteskundeen emaitzek proiektuan eraginik ez izatea eta hasieratik "irizpide zorrotz eta berme berdinak" egotea eskatu dute bertaratu dutenek; hala, osasunarik kalterik ez egitea, segurtasuna bermatzea, hondakin guztiak geldoa izatea, iragaitza izatea, urak kontrolatzea, harrobiaren karga zaintzea eta udalak harrobiko jarduera fiskalizatzeko ardura izatea eskatu dute. Era berean, herritarrekin osatutako jarraipen mahai "indartsua" eratzea ere galdegin dute, informazioa "gardentasunez" emateko. Hori guztia hala izan ezean, proiektua geldiaraztea exijitu dute.
Harrobia berreskuratzeko proiektuez hitz egitean, askotariko ekarpenak egin dituzte herritarrek, Finkek horietako batzuk txertatu ditu bere proposamenean. Honen arabera, herritarren beharrak asetu behar ditu harrobiak, eta inguruko paisaiarekin bat egin behar du. "Eremu ekologiko bat sortu daiteke". Finkek azpimarratu du bailarak dagoeneko "turismo ekologikoaren" garrantzia duela, eta harrobiak aire libreko aisialdirako aukera ematen duela. "Euskal nortasuna ospatzeko", kontzertuetarako edota igerilekuak egiteko aproposa dela deritzo. "Gazteen beharrak asetzeko aukera ematen du". Hain zuzen, munduko hainbat herrialdetan egindako proiektuak azaldu zituen. Besteak beste, lakuekin nekazaritzako, kontzertuetako eta sormenerako guneekin berreskuratu dituzte kareharrizko harrobiak, eta Osinbeltzen kasuan, sarbidea ibilgailuentzako prestatu behar dela azpimarratu zuen. "Ondo dago besteak ikustea, baina errepikatu gabe. Eginda daudenak baino hobeagoak egiteko erronka du Zestoak".
Finken ustez, harrobiak urtetan "ingurumenari egindako kaltea" konpondu nahi du biltegiak; "inpaktu ekonomiko handia lor daiteke, eta barne inbertsiorako aukera handia ematen du". Horretarako, iragazpen sistema berezia diseinatu beharko da, eta "segurua" eta "iraunkorra" izan beharko du. Halako hainbat adibide badaudela adierazi du. "Alemanian, baldintza antzeko hondakinen biltegi bat dago; alboan ditu bainuetxea eta ibaia, eta drainatze sistema indartsua egin dute. 4,3 milioi harri atera zuten han, eta kalitate handiko zabortegi teknikoa lortu dute, 20 urtetarako".
Azaroan, herritarrek posizionatu egin beharko dute harrobiaren proiektuaren inguruan, eta horretarako, bigarren fasea hasiko dute, uda pasata. Aurrez proposatutako proiektu baten inguruan, informatzeko eta eztabaidarako tartea zabalduko dute, eta horretarako bilerak eta mahai inguruak egingo dituzte. Lehen fasearen barruan, arte plastikoko lehiaketa bat ere egin dute, eta Herritarren Saria Gotzon Lizasoren Paisaiari so eta Osinbeltz rap lanak irabazi du; Epaimahaiaren Saria, berriz, Oier Arregiren Hamabost urteko ametsa lanarentzat izan da. Bestetik, udalak jakinarazi du lehen faseko ondorio nagusien inguruko eskuorriak jarriko dituela udaletxean herritarren eskuragarri.