Heldu eta haurrek danborrak astindu dituzte bi egunez

Nerea Uranga 2015eko maiatzaren 5a

Santakutz jaiak ospatu dituzte Zestoan larunbatean eta igandean. Ekitaldi ugari egon badira ere, helduen eta haurren danborradak dira nabarmenenak ospakizun horietan. Herritar ugarik parte hartu du festan.Santakutz jaiak ospatu dituzte asteburuan Zesto...

Santakutz jaiak ospatu dituzte Zestoan larunbatean eta igandean. Ekitaldi ugari egon badira ere, helduen eta haurren danborradak dira nabarmenenak ospakizun horietan. Herritar ugarik parte hartu du festan.

Santakutz jaiak ospatu dituzte asteburuan Zestoan, eta ohiko danborradak egin dituzte herrian zehar helduek eta gaztetxoek. Larunbatean hasi zen jaia, helduen desfilearekin. Azken urteetan ohi bezala, herriko zortzi konpainia atera ziren danborradan: Aldrebesak, Atabalak, Ipintza, Lauiturri, Gure Txokoa, Gaztetxea, Trapuzarrak eta Zitxontarrak. Denera, 400 lagun inguru bildu ziren.

Bi ibilbide egin zituzten danborjoleek; izan ere, batzuk Kaleokerretik hasi ziren; eta, besteak, Foru Plazatik. Ondoren, beti legez, Gurutzean eta plazan elkartu ziren.

Haurrak ere gogotsu

Igande arratsaldean, gaztetxoen txanda izan zen, eta haiek alaitu zituzten danbor eta atabalekin Zestoako kaleak.

Euria egin bazuen ere, gogoz jardun zuten haiek danborra jotzen. Aurten ere atera dute karroza Ekain Guraso Elkartekoen eta beste hainbat herritarren laguntzari esker, eta gaia Ekaingo zaldiak ipuina izan dute.

Danborradez gain, makina bat ekitaldi izan zituzten asteburuan Zestoan: pilota txapelketako finalak, puzgarriak eta kalejirak, besteak beste.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide