Karroza egitea, ordu eta pazientzia askoko lana

Ane Olaizola 2015ko mai. 1a, 08:00

Ezkerretik hasita, Itziar Elortza, Igone Rezabal, Mari Jose Etxeberria eta Esti Korta
(Ane Olaizola) Santakutzeko haurren danborradako karroza nolakoa izango den sekretua izan ohi da. «Urtero zabaltzen dira zurrumurruak, baina okerreko gaiak izaten dira». Karroza apaindua atetik ateratzen denean, ume eta helduak aho zabalik utz ditzaten, aurten ere buru-belarri lanean dabiltza Ekain Guraso Elkarteko kideak eta hainbat herritar. Igandekoa nolakoa izango den pistaren bat eskatuta, ordea, «Zestoari lotutakoa» eta «originala» dela besterik ez dute aurreratzen. Gainontzean, «ezin dugu ezer esan», errepikatzen dute. Esti Korta, Igone Rezabal, Mari Jose Etxeberrria eta Itziar Elortza azken lanak egiten ari dira udalak utzitako biltegi batean. Udalak finantzatuta, Guraso Elkarteak du umeen danborrada antolatzearen eta karroza egitearen ardura, eta boluntario batzuekin batera egiten dute hasieratik amaierainoko prozesu guztia. «Eskuz egiten dugu dena», esan du Elortzak. Bera da karrozaren koordinatzailea. Arropa zaharrak eta zikindutako mantalak soinean dituztela, pazientzia eta abilezia handiz egindako hainbat objektu dituzte inguruan, eta muntatzen ari dira karroza eta hango piezak. «Denboraz inoiz ez gara lasai ibiltzen, beti ibiltzen gara larri», dio Kortak. Normalean, Inauterien ondoren hasten dira lanean. «Itziarrek gaia pentsatuta edukitzen du. Taldean hitz egiten dugu, eta ados bagaude, aurrera egiten dugu». Aurten, ohi baino beranduago hasi dira, lantokia falta zutelako. Azkenean udalak utzi dizkiete lokalak. Martxoan hasi ziren lanean, lokal txiki batean, eta azken bi astean brigadaren biltegian egin dituzte, muntatzeko leku gehiago izan zezaten. Paperak eta kartoiak hartu, eta haiekin egiten dituzte eskulanak, eta askotan aurreko urteetako piezak ere aprobetxatzen dituzte objektu berriak egiteko. Ordu askotako lana da karroza egitearena, eta guztira, hamar lagun inguru aritzen dira horretan. «Txandaka ibiltzen gara. Umeekin eta geure lanekin ez dugu denbora askorik izaten, baina bakoitzaren astiaren arabera egiten dugu». Hori hala, esku gehiago behar dituztela adierazi dute: «Boluntarioak eskatzen ditugu, baina ez dira etortzen. Herrirako gauza bat da, umeentzako egiten dena, eta herritarrei gustatzen zaie. Ez da trebezia berezirik behar; edozein laguntza da ona». Karroza gogoangarriak Zazpi urte daramatza guraso elkarteak karrozak egiten, horren ardura hartu zuten lehenengo urteetan alokatu egiten baitzuten. Urtero, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako sei neska-mutil joaten dira karrozan, eta gaia bera ere umeei lotutakoa izaten da. Hala nola, Doraemon, The Simpson eta Lilo eta Stitch marrazki bizidunen inguruko karrozek apaindu izan dute umeen danborrada, eta orduko anekdotak ere badituzte: «Lilo eta Stitch-ez egin genuen urtean, euri asko bota zuen danborrada hasi baino lehen, eta karroza kalera ateratzen ari ginenean, ate gainean pilatutako ur guztia karroza gainera erori zen». Karroza egileen arabera, herritarrek eskertzen dute esfortzua, eta oro har, gustatzen zaie egindako lana: «Duela zazpi urte Santakutzeko gurutzea ardatz hartuta egin genuen, eta jendeari asko gustatu zaitzaion. Batek baino gehiagok eskatu zuen gurutzea, etxera eramateko», gogoratzen da Etxeberria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide