Ate joka dira santakutzak

Ane Olaizola 2015eko maiatzaren 1a

400 lagun inguruk girotuko dituzte bihar gauean herriko kaleak, helduen danborradan
(Ane Olaizola) Urtebete ostean, zestoarrek atabalei eta danborrei hautsa kentzeko aukera izango dute. Santakutzak ospatuko dituzte asteburuan Zestoan, eta beste behin danbor hotsek hartuko dituzte herriko kaleak. Zestoako Udalak eta festa batzordeak ohikoaren antzeko egitaraua prestatu dute, baina iazkoarekin alderatuta, hainbat egokitzapen egin dituzte. Urteko gainontzeko festetako baliabideak hobeto banatzeko, festa xumeagoak izango dira aurtengoak. Dena den, festa giroa bermatuta egongo da bihar eta etzi. Bihar arratsaldean hasiko dituzte santakutzak modu ofizialean, udaletxetik botako duten txupinazoarekin, baina aurretik ere izango da zer egin; izan ere, umeentzako puzgarriak jarriko dituzte, eta goizean Gaztetxoen Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte, Zestoako Pilota Elkartearen eskutik. Guztira, neska-mutilen zazpi partida ikusi ahal izango dira. Danborradak jaun eta jabe Helduen eta umeen danborradek hartzen dute tarte bereziena, eta bihar gauean helduen txanda izango da. Herriko zortzi konpainia aterako dira danborradan: Aldrebesak, Atabalak, Ipintza, Lauiturri, Gure Txokoa, Gaztetxea, Trapuzarrak eta Zitxontarrak. Guztira, 400 lagunek girotuko dituzte taldeak, eta ohi bezala, bi ibilbide egingo dituzte, batzuk Kaleokerretik hasita eta besteek Foru Plazatik abiatuta. Gauerdian, guztiak plazan elkartuko dira, eta ikurrina eta bandera igotzearekin batera, martxa guztiak eskainiko dituzte taldeek. Hurrengo egunean, berriz, umeen txanda izango da; aurten, lau eta hamabi urte bitarteko 260 haur inguru aterako dira danborradan, eta ondoren merienda egingo dute. Zestoan ez ezik, Azkoitiko Santakutz auzoan ere ospatzen dituzte festak, baina aurten Floreagakoekin batera suertatu direnez, astebete atzeratu dituzte ekitaldi gehienak; hala ere, igande honetan meza egingo dute hango ermitan, 11:00etan. EGITARAUA: Bihar, maiatzak 2 10:30. Gaztetxoen Pilota Txapelketako finalak. Eguraldi onarekin frontoi zaharrean, bestela, kiroldegian. 16:00. Umeentzako puzgarriak. 19:00. Suziria, jaiei hasiera emateko. Jarraian. Idiakaitz Txistulari Taldearen, Azpeitiko Bandaren eta Zestoako Musika Bandaren kalejira. 22:30. Danborrada Nagusia, herriko kaleetan zehar. Gauerdian. Ikurrina eta herriko bandera altxatuko dituzte. Jarraian, danborradako taldeek martxa guztiak joko dituzte herriko plazan. 01:00. Ustekabe txaranga. Maiatzak 3, igandea 10:30. Idiakaitz txistulari taldearen diana. 12:00. Meza nagusia, Parrokiko Abesbatzak abestuta. 18:00. Umeen danborrada.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide