Jazza, aurrekaririk gabe

Ane Olaizola 2015eko apirilaren 30a

Jazzera salto eginez, fusioz betetako proiektu berritzailean hartu du parte Garikoitz Mendizabal txistulariak. Bihar aurkeztuko dute proiektua, Zestoako Laranjadi plazan«Txistuak aurpegi asko ditu, eta XXI. mendean oraindik asko dago egiteko. Proiektu...

Jazzera salto eginez, fusioz betetako proiektu berritzailean hartu du parte Garikoitz Mendizabal txistulariak. Bihar aurkeztuko dute proiektua, Zestoako Laranjadi plazan

«Txistuak aurpegi asko ditu, eta XXI. mendean oraindik asko dago egiteko. Proiektu honekin, zabaldu gabe zeuden ate asko ireki dira musikagintzan, eta publikoa ez du axolagabe utziko». Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarraren hitzak dira. Iñaki Salvador, Carlos Sagi, Kike Arza, Iraide Ansorena eta Luis Jimenezekin batera, Khami proiektu berritzaileko kidea da zestoarra, eta bihar haren aurre-estreinaldia egingo dute Zestoan, 19:30ean, Laranjadin.

Txistua, danbolina, alboka, perkusioa, pianoa, gitarra eta kontrabaxuarekin, jazza landu dute musikariek. Fusio eta aniztasun askoko proiektua da egin dutena, eta Europa ekialdeko, Asiako eta Brasilgo musikarekin uztartu dituzte Euskal Herriko melodiak: «Oinarrian euskal musika badago ere, biltzen duena jazza da», azaldu du Mendizabalek. Hala, aurrekaririk gabekoa da egitasmoa: «Musikari ate berriak irekitzen dizkio proiektu honek, eta dudarik gabe txistuari ere bai, lehenengo aldiz jazzean jorratu delako».

Sagi da proiektuaren sortzailea. Berak konposatu ditu abestiak, eta goi mailako eta ibilbide luzeko musikariekin osatu du taldea: «Hasieran, errespetua eman zidan, ez baita normalean egiten dudan musika mota, eta ohituta bainago taldea zuzentzen, baina asko ikasteko balio izan dit, eta guztia osatu denean, izugarrizko ezustea hartu dut».

Biharko kontzertuak martxa hartzeko balioko die. Izan ere, hilaren 7an diskoa grabatzen hasiko dira, eta udan Donostian aurkeztuko dute lana. Kontuak kontu, proiektua «musikagintzan mugarria» izango dela ziur da zestoarra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide