Zestoako Herri Azokak arrakasta izan du herrian

Urola Kostako Hitza 2015eko apirilaren 27a

Herri Azoka egin zuten larunbatean Zestoan, lehen aldiz, bertako herritarren ekimenez. Arrakasta izan zuen egitasmoak, eta jende ugari bildu zen herriko plazan. Bigarren eskuko azoka, artisauak, dendarien postua eta haurren truke-txokoa jarri zituzten zestoarrek, eta azoka zabalik egon zen 10:00etatik 18:00etara. Giroa alaitzeko, musikariak ibili ziren herrian; esate baterako, parte hartu zuten jaian herriko trikitilari gazteek. Herri Azokako postu nabarmenetakoa bigarren eskuko azoka izan zen. Material ugari bildu dute zestoarrek, eta postu mardula jartzea lortu zuten. Irabaziak Zestoako Elikagaien Bankura bideratu dituzte, eta zenbait herritarrek emandako materialen kasuan, %20a bideratu dute bankura. Zestoarrek azaldu dute "kontsumo ereduaren inguruko gogoeta” bultzatzeko asmoarekin sortu dutela Zestoan Herri Azoka: “Zestoan bertan, herritarren elkarlanetik eta parte hartzetik aldaketa horretan eragin dezakegula sinistuta gaude”.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide