Larunbatean egingo dute azoka, 10:00etatik 18:00etara, eta plazan egongo dira postuak. Bigarren eskuko azoka ere jarriko dute, eta materiala eraman daiteke bihar arte, Eliz-Ondo zine zaharrera.
Zestoako Herri Azoka egingo dute, lehen aldiz, larunbatean. Herritar talde batek antolatu du egitasmoa, eta hainbat motatako postuak jarriko dituzte plazan 10:00etatik 18:00etara bitartean. Bigarren eskuko azoka, artisauak, dendarien postua eta haurren truke-txokoa jarriko dituzte zestoarrek.Horrez gain, giroa alaitzeko, musika eta animazioa egongo da eguerdi partean azokaren gunean. Azokak «herri izaera» eduki dezan, irekita egon da merkatuan postuak jartzeko aukera, eta bilerak egin ostean, zestoarren artean antolatu dute guztia.
%20 Elikagai Bankuari
Bigarren eskuko azokak indar berezia izango du azoka horretan; izan ere, herritar talde batek sortu eta kudeatu du, eta zestoarren ekarpenekin osatzen ari dira merkatua. Herritarrek emandako arropak, etxeko tresnak, jostailuak, apaingarriak eta bitxiak salduko dituzte han, eta irabazien %20 Zestoako Elikagaien Bankura bideratuko dute.
Bestalde, Elikagai Bankuari laguntzeko asmoarekin materiala musutruk ematea nahi dutenek ere horretarako aukera dute. Antolatzaileek ez dute mugarik jarri eraman daitezkeen produktuei dagokienez, baina esan dute «berrerabiltzeko moduan eta txukun» egon behar dutela.
Bihar arte eraman ditzakete zestoarrek beraien produktuak edo materiala Eliz-Ondo zinema zaharrera, 18:00-20:00 artean. Herritarrek beraiek jar ditzakete prezioak, baina «zentzuzkoak» izan behar dute. Nerea Odriozola antolakuntzako kidearen hitzetan, bilketa ondo doa, eta herritarren parte hartzea «emankorra» ari da izaten.
Gogoetarako mugarri
«Kontsumo ereduaren inguruko gogoeta bultzatzeko asmoarekin» sortu dute Herri Azoka. Antolatzaileen arabera, egungo krisi ekonomikoak «oso egoera zailean» utzi ditu herritar asko: «Gutxi batzuen neurrira antolatutako eredu ekonomikoak gehiengoen kaltea, bazterketa eta eskubideen murrizketa baino ez ditu ekarri». Hala, esan dute «aldaketa bultzatzeko beharrezkoa» dela krisiaren ondorioak pairatu dituen gehiengoaren elkarlana. Merkatua, kasu, elkarlanaren adibidea da. «Aldaketa sakonetara» bidea egiteko urratsa izango da, beraz, etzikoa: «Zestoan bertan, herritarren elkarlanetik eta parte hartzetik aldaketa horretan eragin dezakegula sinestuta gaude».