Herri Azoka antolatzen dabiltzan zenbait herritar.
Herri azoka egingo dute Zestoan, lehen aldiz, larunbatean. Herritar talde batek antolatu du egitasmoa, eta izaera desberdinetako postuak jarriko dituzte plazan 10:00etatik 18:00etara bitartean. Bigarren eskuko azoka, artisauak, dendarien postua eta haurren truke-txokoa jarriko dituzte zestoarrek. Horrez gain, giroa alaitzeko, musika eta animazioa egongo da eguerdi partean azokaren gunean. Azokak "herri izaera" izan dezan, irekia egon da merkatuan postuak jartzeko aukera, eta zestoarren artean antolatu dute guztia.
Bigarren eskuko azoka
Bigarren eskuko azoka herritar talde batek sortu eta kudeatu du, eta zestoarren ekarpenekin osatzen ari dira merkatua. Herritarrek emandako arropak, etxeko tresnak, jostailuak, apaingarriak eta bitxiak salduko dituzte han, eta irabazien %20 Zestoako Elikagaien Bankura bideratuko dute. Bestalde, Elikagai Bankuari laguntzeko asmoarekin materiala musutruk ematea nahi dutenek ere horretarako aukera dute.
Ostirala bitartean eraman ditzakete zestoarrek beraien produktuak edo materiala Eliz-Ondo zine zaharrera, 18:00etatik 20:00ak bitartean. Antolatzaileen arabera, herritarrek beraiek jar ditzakete prezioak, baina "zentzuzkoak" izan behar dute. Nerea Odriozola antolakuntzako kidearen hitzetan,
bilketa "ondo" doa, eta herritarren parte hartzea "emankorra" ari da izaten.
Ostirala bitartean eman daiteke materiala.
Eredu aldaketa eske
"Kontsumo ereduaren inguruko gogoeta" bultzatzeko asmoarekin sortu dute Zestoan Herri Azoka. Antolatzaileen arabera, gaur egungo krisi ekonomikoak "oso egoera zailean" utzi ditu herritar asko: "Gutxi batzuen neurrira antolatutako eredu ekonomikoak gehiengoen kaltea, bazterketa eta eskubideen murrizketa baino ez du ekarri".
Hori dela-eta, esan dute "aldaketa bultzatzeko beharrezkoa" dela krisiaren ondorioak pairatu dituen gehiengoaren elkarlana. "Aldaketa sakonetara" bidea egiteko urratsa izango da, beraz, larunbatekoa: "Zestoan bertan, herritarren elkarlanetik eta parte hartzetik aldaketa horretan eragin dezakegula sinistuta gaude".