Osinbeltz harrobiaren etorkizunaz informatzeko Zestoarron Aukera parte hartze prozesuaren barruan, bilerak egiten hasi dira berriz. Herrigunean hiru bilera egin ondoren, gaur Aizarnako Herri Etxean elkartuko dira. Bihar, berriz, Arroa Goiko Herri Etxean egingo dute bilera; hilaren 27an Arroabeko Kultur Etxean, eta hurrengo egunean, 28an, Iraetako Gure Ordeka elkartean. Saio guztiak 19:00etan izango dira.
Bileretan honako bi gai landuko dituzte: Zeintzuk dira Udalak betearazi behar dituen baldintzak, harrobian hondakinen biltegia egingo balitz? eta Zeintzuk dira Zestoarentzako inbertsio garrantzitsuenak?
Orain arte egin dituzten bileretan, batez ere Osinbeltzen berreskurapenaz hitz egin dute, eta haren erabilera desberdinak irudikatu dituzte.
Udalaren arabera, 151 lagunek hartu dute parte saioetan, eta ekarpen «asko eta anitzak» jaso dituzte. Ekarpenak eta prozesuaren informazio osoa www.zestoarronaukera.eus webgunean aurkitu daiteke.