Zestoako EAJren hautagai taldea (Zestoako EAJ)
"Beste Zestoa bat" eraiki nahi dute Zestoako EAJkoek, "bere erakargarritasunagatik ezaguna izan daitekeena, eta ez Gipuzkoako zabortegi bilakatzeagatik". Horixe esan zuen Zestoako EAJren alkategai Josetxo Mendizabalek atzo (astelehena), datozen udal hauteskundeetarako Zestoako EAJren hautagai taldea aurkezteko Batzokian egindako ekitaldian. Bertan, Joseba Egibar Gipuzkoako Buru Batzarreko presidenteak ere parte hartu zuen.
Hamalau laguneko hautagai zerrenda aurkeztu du Zestoako EAJk, "udalean eta lan munduan esperientzia duena". "Talde berritua, gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituena" da Zestoako jeltzaleek nabarmendu dutenez: "Profil desberdineko emakumez eta gizonezkoz osatutakoa, bai afiliatuak eta bai independienteak biltzen dituena. Zestoarekin konpromisoa dutenak eta lanerako ilusio eta gogoz betetakoak". Ideiak eta lehentasunak argi dituztela azaldu dute, eta Zestoak behar duen aldaketa gidatzeko gai direla.
Josetxo Mendizabalen zerrendaburu den taldea honakoek osatzen dute: Gorka Unanue, Montse Atxega, Itziar Elorza, Karmel Bedita Mendizabal, Juan Carlos Garcia, Maite Elustondo, Asier Mendia, Maria Rosario Irazabal, Mertxe Mendizabal eta Garikoitz Mendizabal. Ordezkoak dira, Juan Mari Aramendi, Larraitz Zumeta eta Maria Jesus Aizpurua. Zerrenda berriarekin, "belaunaldi aldaketa" egin du alderdiak, aurrera begira "iraunkorra" izan dadin eta jarraipena izan dezan.
Lehentasuna: "Osinbeltzerako zabortegia gelditzea"
Josetxo Mendizabal EAJren alkategaiak esan duenez, euren lehentasuna "Osinbeltzeko harrobirako gaur egungo Diputazioak ezarri duen zabortegiari alto ematea da". Talde jeltzalea Zestoako Udalean eta Gipuzkoako Foru Aldundian izanda, "Osinbeltzen zabortegia ez eraikitzeko bermea izango da". Datorren agintaldirako beste erronka turismoa sustatzea izango du EAJk. Izan ere, Zestoak duen erakargarritasuna indartzeko apustua egin behar dela azpimarratu du Mendizabalek, "turismoaren eskutik ekonomia suspertu daitekeelako".
Laster aurkeztuko du Zestoako EAJk gobernu programa, eta aurreratu dute herritarren ekarpen zuzenekin osatzen ari direla. Bide horretan, auzoz auzo joango direla aurreratu dute, guztiek tratamendu bera izan dezaten. Irabazteko eta Zestoak behar duen gobernu eta kudeaketa aldatzeko asmoarekin aurkezten direla nabarmendu du Mendizabalek: "Zestoarrengan ilusioa berpiztu nahi dugu, eta proiektu berriekin Zestoa hazi arazi".
Egibarrek, bere aldetik, adierazi du alderdi "fidagarriena" eurena dela. "Herrigintzaren gakoa da herritarrak errespetatzea, eta horretan asmatu dugu urteetan". EAJ eta EH Bilduren artean "lehia estua" egongo dela uste du Gipuzkoako Buru Batzarreko presidenteak. Dena den, EH Bilduren eta bereziki ezker abertzalearen aurka egin du. "Hanka sartze estrategikoak" izan dituztepa aipatu du, eta erantzukizunak eskatu behar zaizkiola uste du. Osinbeltzen proiektuaren inguruan egingo den herri galdeketa ere gaitzetsi du Egibarrek: "Ez du hanka ez bururik. Badakite ez dela egingo, eta herritarren esku jartzea ihes egitea da".